Isa Sánchez Pérez, EH Bilduko Udal Gobernuko Ogasun zinegotzia
Inpotentzia eta haserrea sortzen dizkidate hedabideetara bidaltzen dituzun gutunek. Ez dut konpartitzen zure politika egiteko modua: izenburu bortitzak, kontrastatu gabeko edota testuingurutik kanpoko informazioa, zerikusirik ez duten testuen nahasketa interesatua.
Horren erakusle garbia da zergak eta tasen inguruan argitaratu dizuten azken gutuna (Kronika 2018/11/10). Udalbatzarrean nik esandako hitzak testuingurutik kanpo jarri izanak sumintzen nau, baina, aldi berean, udal kudeaketaz duzun ‘ezjakintasuna’ ere agerian gelditzen da.
Ez du ez hanka ez buru gutunean diozunak. Harrigarri egiten zait kontuan hartuta udal honetan lau legintzalditan zinegotzi izan zarela (16 urte) eta horietako batean, udal gobernuan.
‘Ezjakintasuna ausarta da’ dio esamoldeak eta hona hemen adibide bat: idatzian diozu «Aldundiak urriaren 16an argitaratu zuen 2019rako aurreikusita dagoen foru funtsa eta EH Bilduk jarraitzen du esaten aurreikuspena dela». AURREIKUSPENA DA!!!
Jakin beharko zenuke foru funtsa hurrengo urteko otsailean likidatzen dela. Jakin beharko zenuke egungo Aldundiak (EAJ-PSE) bi funts likidatu dituela: 2016an, aurreikuspenak ez ziren bete eta dirua itzuli behar izan genuen eta, 2017an, aurreikuspenak bete ziren. Udalaren aurrekontuaren %45 foru funtsa dela aintzat hartuta, ulergarria da aurreikuspenez gehiegi ez fidatzea.
Aholkulariei dagokienez, ez dute zerbitzu publikoen kosteekin zerikusirik; tasak eta zergak zerbitzu publikoak finantzatzeko erabiltzen dira. Berriz ere ezjakintasuna edo herritarrengan nahasmendua sortu nahia? Eta bide batez: 2003-2007ko legegintzaldian (gobernuan zeundenean) alkatearen, zinegotzien eta aholkularien kostea argitara dezazun gonbidatzen dizut.
Beste gonbidapen bat: egin ezazu politika gehiago udaletxean eta gutxiago hedabideetan.