Errausketaren aldeko mugimenduak, hau da Kapitalak eta finantza sistemaren agintari anti demokratiko minoritarioek, patronal handiak eta beraien peoi leialak diren PNV, PSE-EE eta PP alderdiek aurrera darraite beraien kanpainia ustelekin eta erraustegiaren obrekin.
Hernanin azken hiru urteetan bi kanpainia jasan ditugu arratoiak eta atez atekoa erlazionatuz. Eta orain dela gutxi Andoni Amonarraiz Gomez, PNVko politikaria, berriz ere datorkigu alarmak pizten. Nahasten.Prefabrikatutako goragale giro bat sortu nahian. Udalaren zerbitzuak tonaka hondakin desagerrarazten ari direla adieraziaz. Ezkutatuz atez ateko sistema dela errefus kilo biztanleko gutxien sortzen duen sistema, hemen eta aplikatzen den munduko leku guztietan. Joko zikina, ari du.
Sanmarko Mankomunitateak (PNV, PSE-EE) bere web orrian, edonork kontsultatu dezakeen orrian, publikatutako azken urte osoko (2017) datuen batazbestekoaren arabera, Hernanik 73,5 kg errefus sortzen du biztanleko, Usurbilek 77 kg, Astigarragak 95,4 kg, Lezok 123 kg, Pasaiak 155 kg, Oiartzunek 160 kg, Errenteria-Oreretak 198,4 kg, Urnietak 209 kg, Lasarte-Oriak 218 kg eta Donostiak 277,4 kg. Non dago arazoa?
Kontsumo eta ekoizpen eredu sostengagaitz hau (hiru lur planeta beharko genituzke, lurreko biztanle guztiak inguru hauetan bezala biziko balira) ekofaxismo patriarkalaren zapalketan oinarritzen da. Beldurra eta gezurra. Bidea argi dugu. Gutxitu, berrerabili, birziklatu. Tokiko burujabetzatik, komunitate elkartasuna, humanismo eta antolakuntzan. Trantsizio sozio-ekologikoa sustatuz. Bizitza eredu sostengagarria, osasungarria eta askea helburu. Animo lagunak, herritarrak, ekin diezaiogun. Erraustegia gelditu!!!
Iñaki Armendariz Illarramendi
Hernani Zero Zabor