Zergak dauden bezala mantenduko genituen guk. Horregatik azaldu nahi dugu 2019ko udal zergen igoeraren kontrako gure botoa.
EH Bilduk, orokorrean, %1 igotzen ditu zergak, batzuk dauden bezala mantenduta. Horrela, IBIa, ibilgailuei dagokiena, ura, hondakinak edota kiroldegiko prezioak gora egiten dute.
Plenoan galdetu nuen kalkulatu ote diren igoera horrek udal diru-kutxarako izango dituen ondorioak, eta erantzuna izan zen 100.000 euro inguru izan zitezkeela. Ados nago, nire kalkuluen arabera 102.000 euro inguru izango baitira.
2018an zergak beste %1 igo ziren eta kontra bozkatu genuen; 2017an beste %1 igo ziren eta abstenitu egin ginen; 2016an mantendu egin ziren eta abstenitu egin ginen; eta 2015ean ere mantendu egin ziren zergak eta abstenitu egin ginen, baita ere. Horrrekin argitu nahi dut ez garela beti kontra egongo, oposizioan egon eta zergak igotzen direlako. PSE-EEn argi daukagu KPIa (IPC) eta zerbitzuen gastua igotzen bada, aurrekontuen oreka mantendu behar dugula.
Baina udal aurrekontuak osasuntsu daude; hainbeste, ezen urtero gerakina izaten baitugu, baterako edo besterako erabiltzen dena. Gainera, Aldundiak Hernaniri 2019an egingo dion ekarpenaren aurreikupsena beste 540.000 eurokoa da. 2018an aurreikusitakoa baino 484.000 euro gehiago izan ziren. Egia da urteren batean Aldundiari dirua itzuli beharra gertatu dela; 2016an, 255.000 euro. Baina uste dugu bilketaren 100.000 euroko igoera orekatu daitekeela Aldundiak azken urteetan emandakoarekin. Gainera, Udalak, modu egokian, aurrekontuetarako kalkulatzen du Aldundiaren ekarpena esaten digutena baino gutxiago izango dela, eta horrek are tarte handiagoa uzten digu zehazten dugun aurrekontuaren eta gero benetan jasotzen dugunaren artean.
Aldundiaren Funtsa da Udalek kontzertatutako zergetan parte hartzeagatik daukaten baliabidea, edozein motako gastua finantzatzeko erabili dezaketena.