Begira Mattin, ez dut aztertuko nortzuk diren putreak edo Hernanin dabiltzan bi hankako arratoiak, hernaniarrei gutxien interesatzen zaiena hori baita. Eskutitz hau irakurtzen duten guztiei gaur azalduko diet Atez Atekoaren inguruko kontuetako bat, zurekin eta zure alderdi politikoarekin urtetan argitu nahi izan duguna; baina ez duzue lanerako mahai batean eseri nahi izan. Nahiago duzue gatazka politikoa.
San Markoko datuak erabiltzen dituzu, ontzat jota. Ba, erabili dituzun datuetan jartzen du 2009an, Hernanin Atez Atekoa jarri aurretik, Hernaniko bizilagun bakoitzak 398kg urtean sortzen zuela, Usurbilen 326kg urtean, Urnietan 389kg urtean, Errenterian 376kg urtean eta Lasarten 376kg urtean... 2016an, Usurbilgo bizilagun bakoitzak sortu zuen 364kg urtean, Urnietan 365kg urtean, Errenterian 355kg urtean, Lasarten 358kg urtean, eta Hernanin 279kg urtean. Kontuan hartuta denok antzeko dendetan antzeko produktuak erosten ditugula, nola liteke Hernanin urtero biztanleko 119kg (398kg-279kg) desagertu izana eta gainontzeko herrietan biztanleko urteko kg kopurua antzekoa izatea? Onartzen badugu krisiaren eraginez gastua eta hondakinak sortzea %6 murriztu dela, Hernanin desagertu dira urteko 113kg biztanleko, eta hori biderkatzen badugu Hernanik dauzkan 20.000 biztanlerekin, urtean 2.260.000kg desagertzen ari dira.
San Markoko tablan jartzen badu 2016an Hernanin bildu zirela 5.465.824kg hiri-hondakin, eta gehitzen badizkiogu urtero desagertzen diren 2.260.000kg, guztira Hernanin urteko 7.725.824kg ateratzen zaizkigu. Honek esan nahi du urteko biztanleko 386kg. Atez Atekoaren aurretik jasotzen zenaren antzekoa, eta beste herrietan, Usurbil barne Atez Atekoarekin, jasotzen denaren antzekoa. San Markoko tablekin jarraituz, Hernanin 2016an 4.372.659kg birziklatu bazituen, esan nahi du %56,58 birziklatu zuela (4.372.659 x 100 / 7.725.824). Eskuzabala izan nahi izan dut %58 idatzi nuenean.
Ez da nik gezurra esaten dudala. Zuk eta zureek ez duzue errealitatea ikusi nahi.
Andoni Amonarraiz Gomez, Hernaniko Udaleko EAJ-PNVko bozeramailea