Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramaile jauna. Lastaolako zubiari buruzko azalpenak emateko presazko batzordea eskatzen duzu prentsan (Kronika 2018/10/19), bezperan azalpenak jaso eta gero. Osteguneko batzordean azaldu zitzaikizuen oposizioko talde guztiei zubiaren inguruko kontuak baina zuk aurretik prentsa oharra bidalita zeneukan. Kronikara deitu eta zuzendu beharrean, despistatuarena egin eta informazioa jaso eta hurrengo egunean informazio eske azaltzen zara.
Batzuk nahiago duzue prentsan azaldu titular deigarriekin, opakutasuna salatzen, presazko batzordeak egiten ez direla kritikatzen, egunez egun gaiak behar bezala landu eta ohiko batzordeetara joan beharrean. Askotan, Ricardo, ez zarelako batzordeetara azaltzen. Eguneroko lana diskrezioz egin eta arazoak konpontzea baino esfortzu txikiagoa da eta emaitza hobeak ematen omen ditu prentsak.
Zubia larunbatean erori zen eta, bai, prentsan eta sare sozialetan azaldu zen, iruditu zitzaigulako herritarrak informatu behar genituela. Hori izan zen gure lehentasuna.
Horrekin batera, gure lehentasuna izan da Ura Agentziarekin hitz egitea, zubiaren kontratazioa egin zuen SPRIko arduradunekin hitz egitea, udal ingeniari eta arkitektoekin hitz egitea. Asteburu batean gertatu zen; langileak haien familia eta lagunekin jaiegunak gozatzen ari zirela. Udal Gobernu hau telefono deien dantzan aritu zen zubia erori zela jakin bezain laster, mobilizatu zituen Hernanitik kanpo zeuden zenbait teknikari (eskerrak emateko ere aprobetxatu nahi dut) eta arazoa ahal bezain txukun bideratzen saiatu gara.
Barkatu, Ricardo Crespo, zubi bat erori zela jakin bezain laster oposizioko ordezkariei pertsonalki deitzea ez zitzaigulako hain garrantzitsua iruditu. Barkatu erabaki genuelako arazoa konpontzeko gaitasuna duten teknikariei eta arduradunei deitzea garrantzitsuagoa zela.
Luis Intxauspe Arozamena, Hernaniko alkatea