Imanol Beroitz Insausti
Hernaniko Udaleko langileen ordezkaria
Hernaniko Udaleko langileon ordezkariok ez dugu kolore ezberdinetako udal hautsien arteko hika mika politikoetan sartzeko ohiturarik. Udal Zerbitzu ezberdinen egoera eta funtzionamendua hika mika politikoetarako erabiltzea zilegi dela aitortzen dugu. Hori bai, egiten denean ganoraz eta zuzentasunez egitea eskatzen dugu, horien faltan errealitatea desitxuratzeko arriskua baitago. Desitxuraketa horrek udal langileon zein herritar ororen errealitatearen ikuskeran distortsioak sortzen ditu.
PSE-EE alderdiko udal ordezkariak zuzenak ez diren datuak erabili zituen Hernaniko Udaltzaingoaren inguruan pasa den astean argitaratutako idatzian. Horrek herritarron artean segurtasun faltaren pertzepzioan eragiten du, eta udaltzainen artean beste udalerri batzuekiko errekurtso gutxiago dituztenaren pertzepzioan.
Tolosako Udaltzaingoaren datuak ez dira zuzenak, ez dituzte 5 udaltzainez osatutako taldeak hiru txandatan lanean, 3 udaltzainez osatutako taldeak hiru txandatan lanean baizik, eta horretaz gain, errefortzurako taldea. Hernanik eta Tolosak antzeko giza baliabideak dituzte, hori bai ezberdin antolatuta.
Bestalde, Hernani Arrasaterekin alderatzea soilik egungo egoera kontutan hartuta, ez da oso zuzena. EUSTATen 2017ko datuen arabera, Arrasatek 22.047 biztanle zituen, eta Hernanik 19.774. Jakina da biztanle kopurua aldagaietako bat dela udalerriek dituzten baliabideak antolatzeko orduan. Ikuspuntua zabalduta, ohartuko gara 2000 urtean Arrasatek 23.718 biztanle zituela, Hernanik 18.698 zituen bitartean. Arrasatek 25.598 biztanle zituen 1990 urtean, eta bertako zerbitzu publikoen baliabideak errealitate horretan daude diseinatuta. Hernaniko Udaltzaingoak 2008 urtean 5 udaltzain gehiagorekin indartu zuen plantila azkenekoz, herriak 19.229 biztanle zituenean.
Amaitzeko, PSE-EE alderdiko udal ordezkariari zuzenak ez diren datuak erabili izana adierazteko berarekin bildu ginenean egin genuen moduan, esan nahi dugu 20.000 biztanleko langaren balizko gainditzeak udal korporazioaren osaketan aldaketak ekarriko dituen bezala, biztanleriaren handitzeak udal zerbitzu ezberdinen eguneratze eta egokitzapena ere ekarri behar duela, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini nahi baldin badira behintzat. Horren inguruan udal hautetsi guztiek badute zer hausnartua.