Hasteko, Andoni: gezurra esan duzu, gezur hutsa. (Kronika 2018/10/23). Hernanik %58 birziklatzen duela diozu eta datu hori asmatu duzu. San Marko Mankomunitateak hilabetero argitaratzen ditu herrien hondakinen inguruko datuak eta Hernanik %75ko tasa du, zuek gobernatzen duzuen mankomunitate horren arabera. Doakoa da gezurrak botatzea inolako ardurarik gabe. Elektoralismoa egozten diozu EH Bilduri. Zuk, zuzenean, manipulazioa eta demagogia erabiltzen dituzu.
Beste gai batzuekin, Hernani Donostiarekin alderatzeko ohitura daukazu, Donostia hiriburua dela jakinda eta Hernanik baino baliabide ekonomiko askoz gehiago dituela jakinda. Hondakinen kudeaketa kritikatu nahi duzunean, ordea, Donostiako datuak oso txarrak direnez (%40ra ez da iristen), orduan Goierriko herri batzuekin alderatzen duzu (gogorarazten dizut eskualde horretako herri gehienetan atez ateko sistema eduki dutela eta horrek herritarren kontzientzian eta ohituretan eragin positiboa izan duela).
Atez ateko sistemak, ondo eginez gero, ez du zertan zikinkeria sortu. Organikoaren kuboak behar bezala zintzilikatuta, altueran gelditzen dira eta ezin dira ireki. Ontzien sistema mixtoak, “miraritsu, merke eta ezin garbiago horrek”, ere arazoak ematen ditu, Andoni. Herri horietan Hernanin baino nabarmen gutxiago birziklatzen da eta bertako herritarrek ere gaizki sailkatuta eta ontzien inguruan botata uzten dituzte hondakinak. Eman ezazu ibilalditxo bat ontzien inguruetan, edozein herritan, herritar batzuen arduragabekeria ez baita ez herri ez sistema baten jabegoa.
Eta arratoien ugalketari aurre egiteko pozoia baino konponbide jasangarriago bat bururatzen zait: putreak askatzea arratoiak jan ditzaten. Tira, beharbada ez da beharrezkoa, herrian putreak jada nahikoak ditugu eta.
Mattin Aldaia Olasagasti
Hernaniko Ingurumen zinegotzia