Andoni Amonarraiz Gómez
Hernaniko EAJ-PNVren bozeramailea
Izenburuak gogorra dirudi, baina ziurtatzen dizuet jasaten ari direnentzat errealitatea dela.
Duela urte asko, antzeko egoera bat izan genuen, herrian arratoi kopurua haundituta, Antziolako larru-ontzailea desmontatu zenean. Garai hartan pentsatu genuen gertatzen ari zena astakeria zela, eta konpondu egin genuen. Ez genekien zer geneukan zain.
2011n, atez atekoa martxan jarri eta urtebetera, aktuazio kopurua haunditu behar izan zen, eta pozoi gogorragoak erabili. Gaur, zortzi urte eta erdi beranduago, arratoiak ugaltzen ari dira modu kezkagarrian. Katuak adinako arratoiak aurkitu ditugu Zikuñagan, Kaxkoan, Txantxillan, Latsunbeberrin edo Lizeagan, auzo batzuk aipatzeagatik. Horietako batzuetan, bigarren pisuko leihoetan ere ikusi ditugu.
Espezializatutako enpresekin hitz egin dugu, eta diote, arratoientzat zailagoa dela edukiontzietan sartzea, Hernani osoan zehar atez atekoaren posteen ondoan lurrean uzten diren poltsetan baino; lehen edukiontzien zonaldeak zaindu behar zirela, eta orain, berriz, atez atekoaren poste bakoitza dela arratoientzako janaren gunea, eta konposta puntuak ere arratoien ohiko tokia direla.
EH Bilduk zerbait egingo du, edo atez atekoarekin jarraituko dugu? Dirutza kostatzen zaigu, herria arratoiz betetzen digu, eta Hernanin %58a birziklatzea bakarrik lortzen du, Beasainen, Ormaiztegin, Zegaman eta Sasietako mankomunitate osoan bosgarren edukiontziarekin %76a birziklatzen denean, eta beste herri batzuetan sistema mixtoarekin.