Autobus zerbitzuetan Foru Aldundiak egin nahi dituen aldaketak direla eta, uste dut autobus erabiltzaileek alarmatuak egoteko arrazoiak ditugula. Proiektua irakurtzeko parada hartu dut informazioa lehen eskutik izateko eta ondorioa argia da murrizketak bata besteen atzetik.
Hernaniarrok asko erabiltzen dugun G1-linean, Aietekoa, murrizketak oso handiak dira. Astegunetan %40koa, larunbatetan %50ekoa eta igandetan %30koa. Hau da, gaur egun 15 minutuko maiztasuna bada orokorrean, proiektu hau gauzatuz gero, eguneko ordu gehienetan 30 minutura izatea pasako da. Igande goizetan orduro bakarra izango da.
Nere ustez alarmatua egoteko nahiko arrazoia badugu ezta?
Beste aukerak baditugula esango digute…. jakina, baina adibidez A2-an gorrian -Astigarragatik zuzenean Donostiara doana- hor ere goraiziak gogor sartu dira. Zerbitzua larunbatetan %22an eta igandetan %34an murrizten da. Alarmatuak gaudela? Bai jakina, eta arrazoiarekin…
Eta azkenik argi izpi txiki bat. Hospitaletara autobus zerbitzua igandetara zabaltzen da. Ondo, beharrezkoa zen. Baina horrek ere bere ordaina du. Igandekoa jartzeko besteak gutxitu. Astegunetan oraingo zerbitzua %19an gutxitzen dute eta larunbatetan % 67an murrizten dute. Hau da, larunbatetan orduro autobus bakarra eta arratsaldeko tarte batzuetan bi orduro bakarra.
Okerrena da, gainera, Foru Aldundiak egin duen ikerketan azpimarratzen dela azken bost urteetan bidaiaren kopurua gora egin duela. Herritarrok garraio publikoaren aldeko apusta argia egiten dugu eta zein da gure ordaina? Zerbitzuak murriztea eta erabiltzaileak zigortzea.
Alarmismoa? Ez, PSOE eta PNV-ek zuzentzen duten Diputazioak egin nahi duenaren konstatazioa. Besterik ez.