Migrazioak gizateriaren historiaren parte dira. Arkeologiak garbi utzi du migrazioak Historiaurretik ematen direla, eta gure memoriak ere badu Amerikak egitera joan zirenen berri edota gerra batetik ihesi lokarriz lotutako maletatxo batekin Alemaniara joan zirenen berri; edota Au-pair joaten ziren neska edota Txinan eginiko salbamendu txalekoari helduta Mediterraneoa gurutzatzera ausartzen direnen berri; edota Berlinerako hegazkina hartu dutenen berri, besapean karrera bat, bi master eta ingeles titulua hartuta.
Migrazio mugimendu hauek, sakonki gizatiarrak, sarritan zailtasunez eta deserotasunez beterik egoten dira migrantearentzat. Hori dela-eta BIZILAGUNAK ekimenak egun bat proposaten digu mahaia eta bazkaria, esperientziak, informazioak, antzekotasunak eta desberdintasunak partekatzeko.
Eta emozionatu egiten naiz jakinda egun eta ordu berean, herrialde desberdinetan jaio eta kultura ezberdinetakoak izan arren milaka pertsona elkar ezagutzen eta ulertzen saiatzen ari direla. Eta emozionatu egiten naiz zure irribarrea nire sukaldean eta nirea zure sukaldean ikusten dudanean. Eta zure telefono zenbakia nire mugikorrean idazten dudanean sentitzen dut ni ere migrazio mugimendu hain gizatiar horien parte naizela. BIZILAGUNAK, azaroaren 11n.
Lurdes Lopez Gorrotxategi