Sebastian Salaberria eta Iruña-Veleia

Erabiltzailearen aurpegia Jexux Eizagirre Portillo 2018ko urr. 16a, 02:00

1999an, Sebastian Sala­be­rriak bere esku-idatzi bat ekarri zuen Dobera euskara elkartera, makinaz idazteko. Izen­bu­rua: Jesukristo gure jaunaren parabola. Honatx, parabola horren hasiera, Sebastianek idatzi bezala:
«Zeru lurren Jaun eta Jabea dan gure Salbatzallea, bere bizitzan askotan bezelaxe, egun batez pentsatu omen zuan, Berri Ona zabaldu behar zuala eta San Pedro Santu aundia lagun zuala, abiatu omen ziran, biak jakiña, basamortuan barrena, etxe edo estalpe aukera geiegirik, etzan izango noski». (Parabola osoa irakurtzeko http://www.kronika.eus/albisteak/hernani/dokumentua/)
Esan dezadan, neuk ere txikitan, parabola hori etxean entzun nuela, Zumaian. Esan nahi baita, euskal herrietan nahikoa ezaguna izango zela parabola hori. Eta inork ere ez zuen zalantzan jarriko parabola hori ez zenik «Jainkoak esana». Eta ahalegindu egingo ginen parabola horren ikasgaiari jarraitzen. Eta gaur ere ahalegintzen naiz ni, nahiz eta fededun ez izan. Kontra­esana? Bai. Baina, kontraesana baita parabolaren ikasgaia.
Baina parabola hori ez du­gu inoiz ere entzungo, Elizan, Ebanjelioa irakurtzen denean.
Kontua da, 325garren urtean, Nizeako Lehen Kontzilioak 4 ebanjelio soilik onartu zituela. Ordura arte, ebanjelio gehi­ago zeuden ‘Jesukristo gure jau­naren’ jarraitzaileen artean. Izan ere, ‘ebanjelio’ hitzaren esanahia da: «berri ona». Sebastianek ere hala dio. Kon­tzilioaz geroztik, Sala­berriaren bezalako parabolak kalifikazio berri bat izango du: apokrifoa (ezkutukoa). Gaurko hizkeran: klandestinoa.
Are gehiago: Eliza Kato­likoak pertsegitu egingo zi­tu­en parabola apokrifoen ja­rrai­tzaileak, ‘herejeak’ zirelakoan, eta haietako ‘hereje’ asko surtan erreko.
Eta horrek guztiak zer ikusi du Iruña-Veleiarekin? Irakur hurrengo artikulua.  
Sebastianek idatzi zuen
Parabola klandestinoa
Eskerrak ez den Inkisiziorik
Bestela a zer destinoa


Jexux Eizagirre Portillo

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!