Atzo, hemen Kronikan, CDHernani futbol ataleko argazkia ikusteko aukera izan genuen, eta, alboan zeukan informazioa irakurrita, edozeinek pentsatu lezake CDHernani futbola bakarrik dela. Behin baino gehiagotan horrela azaldu didate, eta, CDHernaniko presidentea naizenez, aukera hau aprobetxatu nahi dut ozen esateko CDHernanik lau atal dituela, Pelota, Atletismoa, Boloak eta Futbola. Bakoitza bere dimentsioarekin baina denak lan handia egiten herriko gazteen alde beste Hernaniko kirol klubak bezala.
CDHernaniko atal bakoitzak ondo datorkionean prestatzen du bere aurkezpena, eta oraingo honetan, futboleko jokalari guztiekin, neska eta mutilak, egin genuen argazki erraldoia Biterin.
Bat baino gehiago argazkiaren ondoren korrika abiatuko zen frontoira edo atletismoko pistara, zeren, nor daki non bukatuko duen bere kirol ibilbidea?
Zuzendaritzara iritsi ginenetik, saiatzen ari gara lau ataletako harremanak estutzen denon artean elkar-lana eginez, beraz, ez dezagun lotu CDHernani-ren izena futbolarekin bakarrik, azken batean denok ematen dugulako harro klubaren ikurra.
Martxelo Ezponda Irizar
Club Deportivo Hernaniko Presidentea