Gipuzkoan geratuko da, oraingo honetan, Mendiriz Mendi elkartea; Araotz-Orkatzategi-Leintz-Gatzagatik egingo dute ibilbidea irailaren 30ean.
Ibilbidea Araotz herritik hasiko dute, Lope de Agirre konkistatzailea jaio zen herri txikitik. Lope de Agirre gaztea zela, Sevillan zegoen eta Peru eta bertako aberastasunaren berri izan zuen; hori ikusita, fortuna egiteko asmoz hara joatea erabaki zuen.
1536 urte inguruan iritsi zen Lope de Agirre Perura, eta hainbat tokiren konkistan eta kolonizazioan parte hartu zuen. Guda horietan, bere krudelkeriagatik eta bortxakeriagatik nabarmendu zen. Bere gizonek Lope el Loco edo Lope el Tirano goitizenarekin ezagutzen zuten. Kolonizatzaileen artean eman ziren hainbat gatazka eta liskarretan parte hartu zuen, baina Eldorado altxorraren bilaketan parte hartzeagatik ezagutzen da gehien bat. Felipe II erregearen kontra altxatzeagatik erail zuten Venezuelan.
Aitzuloko zuloa, bisitan zehar
Ibilbidean Aitzulo bisitatuko da, harkaitzean higadurak egindako zulo erraldoi eta ikusgarria. Leku magikoa da, dudarik gabe. Sarrera atzean dauka, eta bertara hurbildu arte ez gara ohartzen bertan dagoenik. Barrura sartzen garen heinean, pixkanaka irekitzen dijoan kobazulo moduko tunel haundia da eta bat-batean, aurrez aurre, begi haundi baten forma duen zuloa agertzen da.
Horrez gain, sabaian zulo haundi bat dauka. ‘Leihoaren’ ertzera erraz hurbil daiteke, eta bertatik, bistak ikusgarriak dira. Ausartenek, harkaitzetik behera eginez, beste barrunbe txiki batera jaisteko aukera dute. Bertan, batzuk Aitzulo-txiki izenarekin izendatzen duten beste begi txiki bat dago.
Ibilbidea Santa Kurutz baselizaren albotik pasatzen da. Baseliza eta inguruko eremuak oso politak dira, eta eraikinak forma errektangeluarra dauka. Teilatuak bi isuri ditu eta hastialean burdinezko gurutzea dauka. Barruan gurutzatuta dagoen Kristoren margoa duen aldare xumea bat du. Baseliza XIX. mendearen hasiera aldera eraiki zen, baina bertan ipini zen irudia zaharragoa da. Baseliza 1970. urtean berritu zen. Urtean bi meza ospatzen dira bertan: aurrenekoa, maiatzak 3an eta bigarrena, uztailean, Jakue egunean.
Ibilbidearen deskribapena
Araotz herrian sartu baino lehen hasten da bidea. Horretarako, porlanezko pista eta errepide tarte motz batzuetatik baserri batzuetara igo behar da. Hauek pasatzerakoan, eskuinean geratzen den bide zabal batetik jo behar da. Bideak pixkanaka gora egiten du; baina basotxo bat igaro ondoren, aldapa zertxobait tentetu egiten da. Aurrerago, bideak pinudi bat inguratzen du bere eskubitik eta txabola batera eramaten gaitu. Bertan, jaiotzen den bidezidorra zuzen jarraitu eta igoera labur batean Aitzuloko sarrerara iristen da.
Aitzuloko begia ikusi ondoren, bidezidorrera itzuli eta eskuinera eginez igotzen jarraitu behar da. Bideak Aitzgaineko ur-biltegira hurbilduko gaitu. Orkatzategira igotzeko 150 metro inguruko desnibela geratuko da, baina lasai hartuta arazorik gabe igotzen da. Hala ere, norbaitek azken igoera hau ez badu egin nahi, badago bide lau batetik Orkatzategi eta Ametzueta artean dagoen lepora hurbiltzeko aukera.
Orkatzategira igotzeko erabakia hartzen dutenak, ordea, ez dira damutuko. Bertatik, Urkulu urtegi aldera eta Udalaitz eta Anboto aldera dauden bistak ikusgarriak dira.
Paisaiaz gozatu ondoren, zelai batetik Orkatzategi eta Ametzueta artean dagoen lepoan dagoen bidegurutzera jaitsiko gara. Jaitsiera leuna da. Lepoaren inguruetan Urtapotoluetako trikuharria eta Linatzako tumulua aurkitzen dira. Bertatik ere gasbidea pasatzen da. Bidegurutzean aurkituko dugun pistari jarraitu behar zaio Santa Kurutz baselizara iritsi arte. Tarte honek emeki behera egiten du.
Baseliza bisitatu ondoren bideari jarraituko diogu. Pistak Santa Kurutz gaina eskuinetik inguratzen du, eta Arbe errekak osatzen duen bailarara jaisten digu. Bertatik, bideari jarraituz, Elorretako lepora igo behar da. Lepoa igarotzerakoan norabidez aldatu eta ezkerrera egin behar da. Ia altuera galdu gabe Pagobedeinkatutako lepora jaitsiko gara. Bertan dagoen bidegurutzean mendebaldera jotzen duen pista hartu behar da. Bide horretik, Makatzgain gailurra bere eskuinetik inguratuz, izen bereko lepora hurbildu behar da. Hemendik, ibilbidea amaitu arte, bideak behera egiten du. Ordubete inguruko jaitsierak ibilbidearen amaieran utziko gaitu.
ARAOTZ – ORKATZATEGI (869 m) – LEINTZ-GATZAGA
-Non kokatzen da: Oñati eta Eskoriatzaren artean.
-Luzera: 18 km
-Denbora: 6-7 ordu
- Desnibela: 900 m inguru gorantz eta beste horrenbeste, beherantz.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
-Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
-Mendiriz Mendik irailaren 30ean egingo du irteera hau.