Xabier Erdozia Mujika eta Joxan Goikoetxea Maritxalar, Jazz Hernani Kultura Elkartea
Bukatu berri den uztailean burutu genituen berriro 'Jazz Hernani' jardunaldiak.
Hamazazpi urte pasatu dira azken edizioa antolatu genuenetik; badirudi atzo izan zela...
Hamasei urtez aritu ginen, 1985ean hasi eta 2000. urte arte. Aurten berriro ekin diogu bideari, aurrekoari jarraituz.
Esker on berezia agertu nahi diogu Hernaniko 'Kaxko' elkarteari, bere laguntza eta babesari esker gauzatu baitugu musika programazio hau.
Ez da batere erraza hainbeste denbora igaro eta gero aisialdi gune den Tilosetako pasealekua berriz ere kontzertutarako auditorium bihurtzea.
Ez da bi egunetan publikoaren ‘fidelizazioa’ berriz hain erraz lortzen. Horretarako ohiturak, ordutegiak, taldeen hautaketak, etab. doitu eta egokitu beharko ditugu, baina baikortasunez aurre egin nahi genioke etorkizunari, ikusirik publikoak berotasunez agertu duen babesa eta esker ona.
Eskertu nahi ditugu gurekin izan diren musikari eta taldeak, eskaini duten maila artistikoa nahiz agertu duten borondatea eta jarreragatik.
Eta eskerrak, baita ere, gurekin aritu diren soinu eta argi teknikari, aurkezle, dekoratzaile eta argazkilariei. Auzolanean gauzatu dugun hamazazpigarren edizio honek irudi ederrak utzi ditu, horien artean Aitor Antzoki zaharreko oihal gorriak kioskoan zintzilik ikusteak sortu duen lilura.
Musika kioskoak ere merezi du aipamen bat. Gaixoak 60 urte bete zituen 2017an, eta ez dago ospakizun askotarako; ahaztuta, abandonatuta ageri da...
Egia da irudimen eta ahalegin txiki batekin lortu dugula apaintzea, baina bai kioskoa eta bai Tilosetako inguru osoa aspaldi ari dira eskatzen itxura berritze ausart eta sakona...
Hurrengo ediziorako baditugu ideia batzuk, kioskoa bera hobeto egokitzeko modu iragankor bat besterik ez bada ere. Azalduko ditugu, entzungo direlakoan.
Gure herrira inguratzen ditugun gonbidatuek merezi dute; eta merezi dugu, noski, bertakoek ere. Bien bitartean, eskerriKaxko!