Huescako La Moletara egingo du irteera, datorren asteburuan, Mendiriz Mendi elkarteak; larunbatean 13:00etan Atsegindegitik abiatu, eta igandean buelta.
Irteera honetan, Canfranc Estación herrian dagoen aterpean lo egiteko asmoa dago. Bertan, Canfranceko Tren Geltoki Internazionala dago. Geltoki hau, Pirinioak zeharkatuz Espainia eta Frantzia komunikatzeko trenbide pasagunearen proiektu barruan kokatzen da. Frantziako Midi eta Espainiako Norte konpainiek, 1909 urtean aurkeztu zuten tren geltokiaren proiektua. Lehenengo Mundu Gerra amaitu ondoren hasi ziren eraikitzen, eta 1925 urtean amaitu. Alfonso XIII erregeak inauguratu ondoren, 1928 urtean hasi zen funtzionatzen. Hogeita hamargarren hamarkadan ospe eta mugimendu handia izan zuen, baina 1945-1949 urteen artean bere funtzionamendua murriztu eta itxi egin zuten, Frantziako gobernuarekin izandako desadostasun politikoengatik. Geltokiko eraikina, oso eraikin ikusgarria da. Gaur egun bisita gidatuak egiteko aukera dago, eta gauez kolore desberdineko argiz argiztatzen dute.
Canfranc Estación herrian bertan kokatuta dago, Zientzia Ministerioak, Aragoiko Gobernuak eta Zaragozako Unibertsitateak kudeatzen duten fisikako laborategia ere, Laboratorio Subterraneo de Canfranc (LSC); partikulen fisikan eta astropartikuletan (espaziotik datozen partikuletan) espezializatuta dago. Azken denboraldi honetan hain famatuak egin diren neutrinoak detektatzen eta neurtzen jarduten dute bertan. Laborategia Tobazo mendiaren azpian kokatuta dago, eta bertara iristeko, trenbidearen tunela erabili behar da.
Ibilbidea, P lerroko bunkerren albotik pasatzen da. P lerroa (P hizkia Pirinioak hitzetik datorkio), 1944-1959 artean Pirinioetako espainiar isurialde guztian eraikitako defentsa multzoa da. Hasieran gerra zibileko milaka presok, eta ondoren soldaduska egiten ari ziren gazteek, eraikitako bunkerrak dira. Hormigoi armatuz eginiko posizio hauek, Frantziarekin muga egiten zuten bailaren goialdean eraiki ziren, Franco iparraldetik etor zitekeen inbasio militar baten beldur zelako. Canfranc bailaran (24. sektorea) eraiki ziren posizio guzti horietatik, Núcleo de Resistencia nº 111 (Los Arañones) lerroko Punto de Apoyo nº1 multzoa berreskuratu da. Dozena bat inguru bunkerrez osatuta dago. Gaur egun, lehen ez zegoen basoaren barruan daude, eta bere helburua zen Canfranceko Geltoki Internazionala babestea. Defentsa nagusia, tankeen kontrako kainoi batez eta geltokia eta trenbideko tunelaren sarrera defendatzen zuten hainbat metrailadorez osatuta zegoen.
Ibilbidearen deskribapena
Canfranc Estación herriaren ekialdean, kotxeentzako aparkalekua dago. Hortik hasten da bidea. Lehenik, zubi batetik, Aragon ibaia gurutzatu behar da. Ibaia igaro ondoren dagoen bidezidorrak, geltoki internazionaleko trenbidera hurbiltzen gaitu. Trenbidea gurutzatu, eta beste aldean dagoen bidezidorra jarraitu behar da. Igotzen hasi eta 20 minutu ingurura, bidegurutze batera iritsiko gara. Fuente de los Ingenieros adierazten duen bidea hartu behar da. Bideak zig-zag ugari eginez gora egiten du. Desnibela handia da, baina bideak bira pila bat egiten dituenez, oso igoera erosoa da. Fuente de los Ingenieros iturritik igaroko gara. Normalean ez du urik eramaten. Horrela bada, zertxobait gorago badago ura hartzeko beste Chorro del Concejal iturria. Orain arteko bidea eta hurrengo bi ordutan egiten dena, baso barrutik egiten da. Igotzen joan behar da, basotik irten eta Elvira izeneko iturrira iritsi arte.
Iturrian ura hartu ondoren, bideari jarraitu eta berehala Camino de la Carreta izeneko bide zabalera iritsiko gara. Bidea, urtegitik irteten den hoditeriaren gainean eginikoa da. Hoditeria horretatik, Canfranc Estación herrian dagoen zentral hidroelektrikora eramaten da ura. Bide horretara iristerakoan, bi aukera daude. Lehena eta errazena, Camino de la Carretari jarraitu eta Ip urtegira hurbiltzea da. Bidea laua da, ia ez du desnibelik, eta ordubete inguruan urtegian uzten gaitu. Bigarren aukera, indartsu edota gogotsu daudenentzat, Moletara igotzea da. Horrek beste ia bi orduko eta 500 metroko igoera suposatzen du. Denbora horri gehitu behar zaio, Ip urtegira jaisteko behar den beste ordua.
Moletarako igoeraren azken zati horretan ez dago bide argirik, eta han-hemenka dauden bide arrastoei jarraitu behar zaie. Igoera gogorra da, baina lasaitasunez hartuta nahiko ongi egiten da. Gailurrera igotzeko, tximini labur eta erraz batetik egiten dira azken metroak. Goitik, bistak izugarriak dira. Gure azpian Iserías aintzira, ipar aldera Midi d´Assou, hego aldera Collarada (2.884 m), Pala de Alcañis eta Punta Aguila (2.697 m), eta ekialdera Picos de la Troquera (2.597 m) gailurra. Bailararen beste aldean, Lecherines eta Aspe gailurrak.
Gailurretik Ip urtegira, eta hortik Canfranc herrira jaistea soilik geratzen da. Guztira ia 3 ordu. Desnibel handia jaisten denez, lasai hartzea komeni!
LA MOLETA (2.572 metro)
-Non kokatzen da: Huescan, Ip bailararen ezkerraldean.
-Denbora: 7-8 ordu.
-Desnibela: 1.500 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.
-Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Desnibel handia.
-Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
-Mendiriz Mendik uztailaren 21 eta 22an egingo du irteera hau.