Azken egunotan prentsan errespetuaz ahoa betetzen zaien EAJ-PNVk eta PSEk euren lan egiteko modua zein den agertu dute. Goiz Eguzkiko tabernaren irekiera dela eta, gezurrak besterik ez dituzte esan.
Bi alderdi horietako ordezkariek tabernaren inaugurazioan egon ez izana udal gobernuari egotzi diote, baina ez ziren bertaratu nahi izan ez zutelako. Argi gera dadila: Udalak ez zuen inauguraziorik antolatu, Gureak-ek antolatu zuen eta herritar guztiei bertaratzera gonbidatu zien.
Eskutitz banatan bi ordezkariok esandako gezur gehiago ere badira. EAJ-PNVk dio proiektuan lan egiten ez diogula utzi, beti esan zaionean horretarako prest geundela eta ematen ari ginen pauso guztien berri izan du, baina lanean jarri, ez zen jarri. PSEkoak, aldiz, taberna ia bi urtez itxita egon dela dio, hamar hilabete bakarrik izan direnean, edo aurreko kudeatzaileak gure kudeaketa txarragatik utzi zuela, ongi dakinean hori ez dela horrela.
Iruditzen zait, herritarren ordezkari naizen aldetik, zintzo jokatu behar dudala eta herritarrei argitu behar dizuedala bi alderdiotako ordezkariek nola jokatzen duten: bileretan denbora osoan prozesuarekin ados daudela esan eta ondoren prentsan juxtu kontrakoa esaten dute. Euren lan egiteko modua zein den agerian uzten dute.
Azkenik esan nahi dut oso harro nagoela Goiz Eguzkiko tabernaren kudeaketa egin den moduarekin eta lortutako emaitzarekin. Hau da oposizioari min egiten diona: EH Bilduren kudeaketari esker herriko jubilatuek merezi duzuen moduko lekua izango duzuela.