Hernaniko Udal Gobernuak, Orain Hernani taldeak prentsan argitaratutako idatzia salatu nahi dugu. Sanjoanetan, suaren inguruan dantza egiten dugunean, urtero aldarrikapen bat izan dugu ardatz, beti Euskal Herriko eta Hernaniko jendarteari eragiten dioten gaiak kontuan hartuz.
Aldarrikapen hauei antzezpena edo teatrillo deitzea errespetu falta ikaragarria iruditzen zaigu. Errauskailuaren aurkako protesta egin genuen duela bi urte, baina iaz, adibidez, 0 KM irudia zuten kamisetekin dantza egin genuen. Honekin euskal presoek jasaten duten dispertsio politika salatu nahi izan genuen; presoak Euskal Herrira edo gertuen dauden espetxeetara hurbildu ditzaten eskatuz.
Dispertsio politika presoei aplikatu baina haien familiek eta lagunarteak jasaten duten zigorra da; egun, Euskal Herrian gehiengo sozial eta politikoak babesten duen aldarria da. Hori hala izanik, aldarrikapen horri teatrillo deitzea onartezina eta mingarria egiten zaigu.
Bizikidetzari buruz aho bete hortz hitz egiten dugunean, animalien eskubideen alde hitz egiten dugunean, eta bizikidetzarako zailtasunak batzuengan fokalizatu nahi ditugunean; horrelako idatziek ez dute inolako ekarpen positiborik egiten eta inondik inora ez dute laguntzen Hernanin bizikidetza, adiskidetzea, elkar-ulertzea eta hurbiltzea. Nolanahi ere, Udal Gobernuan argi dugu lanean jarraitu behar dugula, eta jarraituko dugula, denok aurrerapausuak eman ditzagun.
Luis Intxauspe Arozamena, Hernaniko alkatea