Urtero geroz eta gutxiago dira kabia egiteko bisitan etortzen zaizkigun hegaztiak. Ezagutu ditugu galeperrak Onddin kabia egiten, edo usapalak, erriberan. Talde ekologistek diote ehiztariok garela espezie hauen populazio jaitsieraren errudunak.
Ezagutu ditugu, baita ere, galeperrak Kaxkoko balkoietan kabiak egiten, edo sorbeltz arrunt zalapartatsuak plazan barrena bueltaka, abiadura bizian. Orain haien falta sumatzen dugu, berandu egin digute bisita, eta gutxik, eta ehiztariontzako ez dira espezie erakargarriak, tiro egiten ez diegunak dira. Zer diote ekologistek honen inguruan?
Basurdeak hainbeste ugaritu direnez, lasai sentitzen dira Astigarragako hilerri ondoan, eta nahieran ibiltzen dira.
Orkatzak, duela 50 urte gure mendietan ez zegoen espezie inbaditzailea, lasai dabil Onddin, Adarran, Santiomendin... Eta honen kontrolak ihes egiten die arduradunei.
2018ko otsailean 125 sagarrondo landatu dira Atxurroko (Astigarraga) finka batean, eta horietatik erdia, gutxi-gorabehera, orkatzek kaltetu dituzte, lore-begiak jaten dizkietelako, zuhaitzak haztea eragotziz.
2018ko apirilean Añua Berrin (Hernani) jarri dira 1.200 sagarrondo, eta horietatik 500 kaltetu dituzte orkatzek. Itxiturek eta Rep Clak edo otsoen gernua bezalako disuasio-neurriek ez dute izan esperotako eragina, animaliak ohitu egiten baitira uxatzeko produktuen usainera, eta suntsitze lanarekin segitzen dute.
Horrela, landatuta dauzkagun sagarrondoetatik 1.325 ez dira izango emankorrak.
Nola neurtzen da eragindako kaltea? Zenbat balio du 1.325 sagarrondoren urteko uztak?
Nork eta nola zaindu behar ditu espezie hauen ekintza suntsitzaileak? Orkatzek jateko sagarrondoak landatzen segi behar dugu, edo sagardoa egiteko sagarrak emango dituzten sagarrondoak landatzen ditugu?
Gustatuko litzaidake irakurtzea ekologistek zein konponbide ematen dioten arazaoari, espezien kontrol faltak sortutakoari. Beraiek kontrolatuko dituzte? Nola?