Badirudi Orain Hernanik ez duela ulertu nahi EAJ-PNVren jarrera, Hernani Erabaki prozesuaren inguruan. 8 urtetik 15erako haurrek proposamenak egitearen alde gaude. Espero dugu hori garbi geratu izana. 8 eta 15 urte arteko umeek, haien botoarekin, aurrekontuetako 500.000 euro zertan gastatu erabakitzearen kontra gaude. Ardura haundi hori ezin zaie adin horietako haurrei jarri.
Uste dugu ez dela diru publikoa erabili behar erabakiak hartzen ikasteko. Seguru ikastoletan erabiltzen direla ikasketa sistemak, ikasleak parte-hartzaileagoak izaten hazi daitezen. Seguru gaude parte hartzen ikasteko ez zaiela umeei galdetzen gelan egon nahi duten ala kalera atera nahi duten, edo irakasle batek edo besteak irakastea nahi ote duten.
Orain Hernanik aipatzen duen ‘Haurren Erabakia’ proiektuaren helburua da gazte gipuzkoarrek ideiak ematen parte hartu dezatela laguntzea; «Aldundiak proposamenak txertatuko ditu eta umeen iritziak kontuan izango ditu, politika publikoen diseinuan».
Uste dugu Hernanin gertatzen denak ez daukala zerikusirik Foru Aldundiaren programarekin.
Bestalde, Umeen Eskubideen inguruko Hitzarmenak, 1989/19/29koak, 1go artikuluan honela definitzen du umea: «18 urtetik beherako gizaki oro, (...) adin nagusitasuna lehenago erdietsi den kasuetan izan ezik». Hernani Erabakin beti eman dute botoa 16 eta 17 urteko ‘umeek’.