GIZA KATEAREN EMOZIOA ETA MOZIOAREN PENA

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Urdangarin Lasa Astigarragako Gure Esku Dagoren 2018ko eka. 6a, 02:00

Mozioaren pena
Egia esan, ez genuen espero. Maiatzak 30, Astigarragako Udalaren osoko bilkura. Beste hainbat gairen artean Asti­garragako Gure Esku Dagok aurkeztutako mozioa, Donos­tia, Bilbo eta Gasteiz eskuz esku lotuko dituen ekainaren 10eko giza katearekin bat egiteko eskaerarekin. 

Gure asmoa hauxe: Udalak mozioa onartzea eta ondoren argazkia ateratzea, aldeko botoa emandako zinegotziekin. Segurutzat jotzen genuen EAJko eta EH Bilduko udal taldeen aldeko botoa. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako alkateek giza katearen aldeko jarrera garbia erakutsi dute, baita Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok ere. Gipuzkoan zehar etengabe ikusi ditugu aste honetan hango eta hemengo udal ordezkarien argazkiak, ilusioz.

Astigarragako EAJko udal tal­dearen botoa abstentzioa izan da. Zur eta lur geratu gara. Penatuta eta triste. Hain­bestekoa zen Astigarragako Gure Esku Dagon gabiltzanon baikortasuna eta ilusioa, kartel eta guzti igo baikara Osoko Bilkurara, argazkia non egin erabaki ezinik. Udalak mozioa onartu du, baina… PSEEk aurka bozkatu du, erabakitzeko eskubidearen aurka dagoelako. Zilegi iruditzen zaigu. EH Bilduk alde bozkatu du, erabakitzeko eskubidearen eta giza katearen alde dagoelako. Hori ere zilegi iruditzen zaigu. EAJ abstenitu egin da. Arrazoiak ez ditugu ulertu eta uste dugu mozioak esaten duenarekin ez dutela zerikusirik. Zilegi da hori egitea?

Giza katearen emozioa
Mozioaren penari giza katearen emozioarekin erantzun nahi diogu. Egurra jaso dugu, eskuzabal joan gara eta egurra. Osoko Bilkuratik burumakur atera bagara ere, azkar altxa dugu burua eta «gu gurera» esan diogu gure buruari. Badator ekainaren 10eko giza katea. Izen-ematea, autobusak, kamisetak, zapiak… ba­du­gu zer egin. 

Herri zahar honek bere geroa erabakitzeko eskubidea duelako, astigartar orori egiten dizuegu gonbidapena ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen Giza Katean parte hartzeko. Eta nola ez, baita Astigarragako EAJri ere. 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!