Hainbat hernaniarrek esan ziguten Udalaren izenean inkesta bat egiten ari zela Hernanin, eta maiatzeko plenoan baieztatu digu EH Bilduk.
EAJ-PNVn ezin genuen sinestu EH Bilduk, aurrekontu partehartzaileetan 8 eta 15 urte arteko umeek bozkatzea baimendu ondoren, guri inkesta honen berri eman ez izana! (Ironiarekin ari naiz). Iritzia emateko eskubidea kendu zaigu egin beharreko galderen inguruan, galdekatu beharreko hernaniar kopuruaren inguruan, adin tarteen inguruan... Inkesta EH Bilduk enkargatu du, bere neurrira egin du, eta hernaniar guztiek ordainduko dute; botoa ematen dietenek, ematen ez dietenek, eta bozkatzen ez dutenek. Bat gehiago, baina tristeena da, ez dela azkena izango.
Guregana jo duten hernaniarren iritziz, «galderak udal gobernu taldearen eta bere kudeaketaren alde eginda zeuden». Oposizioaren inguruan galdera bakarra egin zitzaien, eta beste bat, datozen udal hauteskundeetako boto asmoaren inguruan. Nola galdetuko diote oposizioari?
EAJ-PNVtik berriz ere salatu nahi dugu EH Bilduren interes falta, benetako parte-hartzean. Orokorrean baztertzaileak dira eta horregatik ez dituzte kontuan hartzen 4.500 hernaniarren ordezkariak. Beste adibide bat da EH Bilduk 4.877.000 euro zein 43 proiektu berritara bideratuko dituen. Oposizioko alderdiei ez zaie galdetu proposamenik ba ote zuten. Ogasun batzordean bozkatu aurretik. EH Bilduk emana zuen prentsaurrekoa, dirutza hori non gastatuko zen azalduz. Horrela erabiltzen du EH Bilduk gehiengo osoaren indarra.