Orain Hernanik egin duen kritika irakurri eta gero gaiaren inguruan nire ikuspuntua eman nahi dut.
Lehenik eta behin Gobernu Taldeari egozten dio festetan animalien erabilpena eta animaliei tratu txarrak ez ezabatzea. Galdera batzuk argitu behar dira.
1. Askekintzak pasa den urteko Jai Batzordean San Joanetako astelehenean sokamuturra kentzeko proposamena aurkeztu zuen. Jai Batzordeak egun batean kentzea onartu zuen. Aurretik hiru egunetan egiten zen sokamuturra. Batzordean eztabaidatu zen, ez bakarrik sokamuturraren gaia animaliekiko tratu txarrak ere bai.
2. Aurten Askekintzak, berriz ere koherentziz, beste egun bat kentzea proposatu zuen, baita umeentzako zezentxoak eta poniak. Eta azken honen inguruan zergatik ez zuten berdina planteatu inauterietan? Jai Batzordeak aurten pasa den urtean bezala uztea erabaki du, eta deia egin da, sokamuturra eta ekainaren 27ko ekitaldi alternatiboa bata bestearekiko errespetuzko giroan ospatu daitezen.
Era berean eztabaida ireki beharko litzateke. Eta animaliek jasaten duten tratu txarraren inguran eztabaidak haratago joan beharko luke eta ez sokamuturrara soilik mugatu. Adibidez: Animaliekiko tratu txarra da ganadu feria antolatzea? Horrela bada, Askekintzak dioen bezela, debekatu beharko litzateke Euskal Jaien barruan Tilosetan antolatzen den abere feria.
Eztabaidan sartzen al da maskurien erabilera buruhaundietan? Honen inguruan egon da arazoren bat. Jarraitu daiteke, baina ireki daitekeen eztabaida horren parte da eta hausnartzeko utziko dut.
Amaitzeko Orain Hernaniri esan nahi nioke ez duela Udaleko Gobernua kritikatu behar, egin duen bakarra Jai Batzordeak hartutako erabakiei argi berdea ematea da. Jaiak antolatzen dituen elkarteeri zuzendua beharko luke Orain hernaniren kritikak, gu bait gara Sanjoanak antolatzen ditugunak eta Jai Batzordeako partaideak.
Jon Oñate Lizarralde