Aurreko batean, nire 7 urteko alabak, eskola kiroleko oharra familiakoei irakurtzen ari zitzaigula, eta neskek eta mutilek ordutegi desberdinak zituztela irakurtzean, ondorengoa galdetu zigun:
-Orduan, ezingo dut nire lagun mutilekin jolastu?
Ezetz erantzun behar izan genion, eta orduan, berak esan zigun hori ez zuela ulertzen.
Gaur egun, familia askok, pedagogia feministaren barruan hezten ditugu gure txikiak: jostailuei etiketarik jarri gabe, jolasei etiketarik jarri gabe, koloreei etiketarik jarri gabe; hau da, bizitzari berari inongo etiketarik jarri gabe. Denok pertsonak garela adieraziz eta errespetua egunero irakatsiz.
Argi daukat binomio hori hausten ez dugun bitartean, kontzeptu asko ulertezinak izango direla, eta berdintasuna urruti geldituko zaigula.
Nik dakidanez, eskola kirolaren helburu nagusien artean ez omen da sartzen lehiakortasuna. Hori horrela, ni neroni ere, alabari zer erantzun jakin gabe gelditu nintzen.
Baina, benetan kezka sortzen didana da, bere buru barruan oraintxe eraikitzen ariko ote den arrazoia. Gaurko egunez, guk emandako argudioa ulertu gabe jarraitzen baitu, zer egin ezin erabaki. Eta ez da harritzekoa, guk ere, guraso bezala, ezin baitugu ulertu.
Estitxu Ezkurra Murillo