Joxe Mari Auzmendi Matxain
OinHerri, herri hezitzaileak sustatzen elkarteko kidea
Harriduraz hartu dugu Kronikan maiatzaren 20an EAJ-PNVk sinatutako Ez gatoz bat Hernani Erabaki prozesuaren formatu berriarekin idatzia. Harrituta gaude 8-15 urte bitarteko haur-nerabe-gazteen parte-hartzea zalantzan jartzen delako.
Mundu mailako Haurren eskubideei buruzko konbentzioa egin zen 1989an, eta estatu gehien-gehienek babestu zuten. Bere 12. artikuluan halaxe dio: Estatuek haurrei eskubidea bermatuko diete, askatasunez euren iritzia emateko, haurrengan eragina duten gai guztien inguruan, betiere, haurrak gai badira iritzi hori askatasunez emateko; haurren iritziak behar bezala kontuan hartuko dira, haurren adinaren eta heldutasunaren arabera.
Haurrek badituzte nazioarteko araudietan hainbat eskubide aitortuta, baina horiek ez dira beteko, heldu kontzientziatuak ez badituzte ondoan, alegia, eskubide horiek beteko direla bermatuko dituzten helduak.
Txiki-txikitatik haurren parte-hartzea sustatu beharra dago, jaiotzen garenetik herritarrak baikara. Sortzetik ditu haurrak gaitasunak eta gaitasun horiek garatzen laguntzen badiogu, orduan eta nortasun sendoagoa eraikiko du eta pertsona autonomoagoa izango da. Horrela bakarrik lortuko du, komunitatean, besteekin aritzean, harreman parekide eta osasuntsuetan oinarrituz jardutea. Eta horixe da bidea jendarte hobea egiteko.
Gure ustez, denontzako herria egin nahi badugu, zaurgarrienak (ahulenak) kontuan hartu behar dira eta haien begietatik herria antolatu. Eta hori lortzeko, haien parte-hartzea behar-beharrezkoa da.
Herrian, jendartean oro har, adin-tarte horietan nola jokatu argitzeko, egoki litzateke gogoeta publiko, sakon eta unibertsala egitea, denon mesedetan.