Lehengo batean, hara zer esan zidan, Hernanin, apaiz batek, Iruña-Veleia dela eta: «Justiziak berandu hartzen badu erabakia, injustizi bihurtzen da». Aurten 10 urte beteko dira, epaileak erabakirik hartu gabe, Eliseo Gil eta Oscar Escribano epailetara eraman zituztenez geroztik. Hamar urte lanik gabe. Hamar urte dirurik gabe. Hamar urte fama txarrarekin. Hamar urte baztertuta. Praktikan, hamar urteko kondena. Injustizi berri baten aurrean gaude, berriz ere. Eta, puntu honetara iritsita, berdin dio zer iritzi dugun Iruña-Veleiaz. Alegia, alde izan edo kontra, edo ez alde eta ez kontra. Jadanik ez gara ari filologiaz, arkeologiaz, proba zientifikoez edo bestelako gai akademikoez. Une honetan eskubideaz ari gara. Edo hobeto esateko injustiziaz. Eta pasatzen den egun bakoitzak areagotu egiten du injustizi hori. Injustizi hori ikusteko ez dugu izan behar filologo, arkeologo… Itsu baten begiak behar, besterik ez. Gainera, epaiketak ez du bertan behera utziko eztabaida zientifikoa. Epaileek hartzen duten erabakia hartu, jarraitu egingo du eztabaida zientifikoak. Eztabaida zientifikoa ez baita juzgatuetan erabakitzen. Duela 500 urte, Elizak epaitu eta erre egin zuen Giordano Bruno. Eguzki bat baino gehiago zirela zioen Brunok, eta hori herejia zen. Orduan herejia zena egia berdaderoa da gaur egun. Arabako Foru Aldundiak 10 urteko kartzela eskatzen du Gil eta Escribanorentzat. Eta Iruña-Veleia egia dela, gaur edo bihar frogatzen bada, nola erreparatu orain arte egindako kaltea? Giordano Brunok arrazoi zuen, baina erre egin zuten. Eta gauza bera gerta daiteke Eliseo Gil eta Oscar Escribanorekin. Hobeto esanda, jadanik, gertatzen ari da. Zenbaitentzat arranoa da injustiziaren kontrako sinboloa, oso begi zorrotzak dituelako, hatzaparrak baino ere zorrotzagoak.
Bai Gil nola Escribano
Ez dira irtengo sano
ez litzateke hala izango
Denok bagina arrano
Jexux Eizagirre Portillo