Pertsona baten hitzak beste baten sinaduraren atzean ezkutatzen direnean, zer esan gainontzeko testuaren inguruan? Horregatik, honelako gezur lotsagarriei ezin diegu gure isiltasuna oparitu.
EAJk dio EH Bilduk alokairu sozialeko 40 etxebizitza eta Kultur Etxe berria ahaztu zituela. Azala behar da gero! EH Bilduk eskuratu ditu Udalak jabetzan dituen etxebizitza bakarrak. Guztira 22 eta horietako 6 doan, Udalari 585.000€ aurreztuz.
Baina okerrena, oraindik jasotzeko falta ziren 18 etxebizitzei EAJk eta PSE-EEk uko egin zietela da. 2017an promotorearekin hitzez-hitz hurrengoa adostu zuten: “Udalari babes ofizialeko 16 etxebizitza eta 6 etxebizitza libre emanez betetzen da hitzarmenean babes ofizialeko etxebizitzak emateari dagokionez jasotako aurreikuspena”. Orduan, zeinek eta zergatik barkatu dizkio promotoreari falta ziren 18 etxebizitzak?
Bestalde, EH Bilduk 5.000.000€ko Kultur Etxea 2017ko 2. seihilekoan hasi eta 2019ko 1. seihilekoan amaitzea adostu zuen promotorearekin. Aurreko hitzarmenean ez zegoen eraikitzeko data zehazturik eta honi esker hasi dira lanak. EAJren “lorpen handia” ia ezkutuan diseinatu den Kultur Etxean promotoreak 102.579€ gehiago inbertitzea izan da. Hori bai, aipatutako 18 etxebizitza horiei uko eginez eta promotoreari 92 etxebizitza gehiago eraikitzeko eskubidea emanaz.
Orain, DBHri egokitu zaio EAJren trikimailuen protagonista izatea. Hiritartzeko prest dagoen DBHren lur-saila eskura egonda ere, EAJri, DBH Ergobian kokatzea bururatu zaio. Oraingoan promotoreari 180 etxebizitza gehiago egiteko aukera oparituz, Bidebitarte eta Txalakako pabilioiak eta enpleguak suntsituz.
Ez dakigu honek paradisuarekin zerikusi handirik duen, baina ziur, amets goxoenetan ere, inork ez zuela inoiz pentsatuko Astigarragak horrelako negozio borobilik ekarriko zionik.
Eta bai “pankartazaleak” gara. Dagoeneko Alkateak pentsionistekin batera kalean protestan egotea leporatu zigun. Gustatu ala ez, EH Bilduk kalean eta erakundeetan borrokan eta lanean jarraituko du behar gehien dutenen eskubide sozialen alde eta gutxiengo pribilegiatuen aurka.
Ione Olaziregi Mendioroz
Andoni Gartzia Arruabarrena
Aurreko eta oraingo EH Bilduko zinegotzien izenean