Orain dela urte batzuk Artemisia Gentilleschi XVII. Mendeko margolariaren erakusketa bat ikusteko pribilegioa izan nuen. Margolari honek bere garaian ospe izugarria izan zuen, Europako gorte guztietan bere lanak eskatzen ziren eta estimatuak ziren oso. Gerora ordez, emakumea izanik, bere izena eta izana ahaztuak eta ezkutatuak izan ziren oraintxe arte.
Emakume indartsuak agertzen dira bere lanetan, gehienetan gizonei aurre egin behar izan zioten emakumeek. Biblia edo historiatik ateratako emakumeak, Judith, Ester, Susana, Kleopatra…. Kolore biziak, argi-ilunak bortitzak, bolumenak oso azpimarratuak… Irudi krudelak eta ankerrak sarritan, dramatikoak oso. Bere lan ezagunenak adibidez Judith eta Holofernes bertsio ezberdinak dira, non Judithek juduen etsaia zen Holofernes militarrari burua mozten dion. Lan horietan odolak, literalki, ikuslea zipriztintzen du. Azpimarratzekoa da, baita ere, Judithen espresio irmoa, tinkoa, duintasunez betetakoa. Margolan hauetan Artemisia Gentilleschik bere bizitzaren pasarte gogorrak gogorazten ditu.
Artemisia Gentilleschiren bizitza ez baitzen izan samurra. Bere aitaren ikasle batek, Agostino Tassik, 19 urte zituenean bortxatu zuen eta. Artemisiak erasotzailea epaitua izatea lortu zuen, ez oso ohikoa garai horietan, baina epaiketa bera etengabeko humiliazioa bihurtu zen Artemisiarentzat. Bortxatzaileak urtebeteko zigorra jaso zuen azkenean.
Egun hauetan margolari honekin, emakume guztiekin, XVII.ren mendeko Erromako gizonezko epaile horiekin, Holofernes burua eta Judithen ezpatarekin gogoratu naiz.