Gizakateari koplak

Erabiltzailearen aurpegia Juanjo Uria Zubiarrain 2018ko mai. 11a, 02:00

Ekainaren 10erako Giza Katea antolatu du GEDk, gure herriaren Erabakitzeko Esku­bide­aren alde. Kopla sorta hau, eki­taldi horretan parte har dezakeen jendeari bultzada­txoa emateko intentzioz egin dut. Alde batetik hernaniarrei gogorazteko, egun horretan errepidean elkartzeko komenentzia eta bestetik adierazteko, kexatzen ibiltzeak eta ‘besteak’ zein petralak diren esaten aritzeak, ez duela ezertarako balio, mugitu behar denean etxean geratzen baldin bagara.

Herritarrontzat hitzordua da                     
ekainaren hamarrean,                               
egun horretan gara barrenak                     
pozez bete beharrean.                                                             

Gure herriko etorkizunaz
askotan mintzatzen gara,
gerorik baina ez da izango
orain mugitzen ez bada.

Erabakitze Eskubidea
zeinen helburu noblea,                                  
saiatuz gero lor genezake
(denon artean ordea).

Doinu, ideia eta kolorez
beteko dugu bidea,
nik hartuko dut zure eskua                       
zuk har ezazu nirea.

Gure herria ta herritarrak                             
nahi baditugu babestu,                                 
goazen gazteok, goazen heldu­ok               
besoz-beso, eskuz-esku. 

Nork ez luke nahi gure herria
inoiz libre izatea,
hortik iritsi bait dakiguke
guztion ongizatea.   

Jubilatuek dute Madrilek
jarritako beste kosta,
lotsagarria baita gehitzea
zero ta hogeitabosta.     

Gure legeen aurka askotan
Madrilen helegitea,
zeinek ez du nahi, ja Damoklesen
ezpata ekiditea.                                                

Zertarako nahi dugu herria                           
hemengo legez hornitu,                               
gero Madrilen Tribunal batek                       
baliogabetzen baditu. 

Euskararentzat Madrilek zenbat
oztopo nahiz zangotraba,
agian beste itxura baina
betiko Madril bera da.

Dugun xedea lortu nahi bada
joan gaitezen elkartuta,
bat eginda joan ezkero ere
zaila izango duguta.

Baina lanean jarraituz gero
baietz helburua bete,
zeren ezina dirudiena
egia bihur daiteke.

Saia gaitezen guztiok elkar
hartuta gu geu izaten,
hemendik kanpo, gugatik inon
erabaki ez dezaten.

Herriko jende desberdin asko
hitzak elkartuko gaitu,                                 
elkar­lan zintzo batek pertsonen                   
harremana lotzen baitu.

Kolore eta jende anitzez 
datorren Giza Kateak,
baietz zabaldu gure barrengo
ilusioen ateak.

Ongi dakigu beraiek zenbat
"erantzun" mota dauzkaten,
gu ere presta gaitezen, lotan
harrapatu ez gaitzaten.

Gure elkarlan hau biltzeko da,                     
ez jendea bereizteko,
denok eskua elkarri eman
eta zauriak ixteko.

Bete ditzagun alaitasunez                           
Euskal Herriko bideak,                                 
saiatu ezak galdu ez ditzan                         
dauzkagun eskubideak.

Elkartu eta bat egiteko
ez bagara gauza, tira,
protesta eta kexa guztiak
alperrik izango dira.

Bere sustraien defentsan norbait
ez baldin bada leiala,
iruditzen zait arerioen
sarean erori dala.

                                                     
Juanjo Uria

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!