Aitzol Arrieta Erauskin, Sortuko militantea eta Kalerako kidea
Asteazken honetan, Ugaitz Hernaniko preso politikoa estraditatu dute Frantziar Estatutik Espainiar Estatura, bertan gatibu segi dezan. Gatazka politikoaren ondorioen konponbidearen aurrean bi Estatu hauek gaur arte ezarri duten blokeoaren beste adibide bat dugu hau eta Hernaniko Ezker Abertzaletik irmoki salatzen dugu!
Estatuek ezarritako zailtasunak hor badaude ere, erresoluzio markoa eraikitzen ari da pixkanaka Euskal Herrian. Zentzu horretan urratsak ematen ari dira bai Hego Euskal Herrian eta bai Ipar Euskal Herrian. Estatu frantsesean elkarrizketa bide bat ireki da Ipar Euskal Herriko delegazio anitz baten eta frantziar Justizia Ministerioaren artean; orain artean izandako immobilismoa haustea lortu du horrek, Euskal Herritik hurbilago diren espetxeetara aldaketak eginez.
Hego Euskal Herrian aurrerapenak mantsoagoak dira gatazkaren ondorioei konponbideak bilatzeari begira. Badago adostasun bat eragile politiko, sozial eta instituzionalen artean gai urgenteenen inguruan, hau da, egungo espetxe politikaren amaiera, sakabanaketaren amaiera, preso gaixoen askatasuna. Horren adierazle dira Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko Parlamentuetan zentzu horretan lortutako akordioak.
Herri honetan benetako bakea eta askatasuna lortzeko bidean, ezinbestekoa zaigu eragile sozial eta politiko desberdinen arteko elkarlana. Jakin badakigu Estatuen aldetik ez dugula inolako erraztasunik jasoko, baina argi dugu herri sektore desberdinen akordioen bitartez eta herri mobilizazioaren bidez pixkanaka urratsak eman beharko dituztela.
Ugaitzen eta gainerako preso politiko guztien askatasunaren alde larunbatean Bilbon dugu hurrengo zita!
Gora Ugaitz!
Gora EPPK!
Gora Euskal Herria askatuta!