Azkenean, hainbatetan eskatu ondoren, EH Bilduk 2018ko martxoan eman digu 2017ko ekainean egindako informea, herriko bi puntutan, 2016/12/3, 2017/01/06 eta 2017/02/11 datetan egindako soinu neurketen datuekin. Zergatik behar izan dute hainbeste denbora?
Egunei erreparatuta, Kaxkoko edozein bizilaguni sortuko zaizkion galdera berak sortzen zaizkigu. Zergatik ez dira egin hiru neurketetatik bi txotx denboraldian? Zergatik ez da bat martxoan egin, herrira jende gehien etortzen den momentua izanik? EAJ-PNVk neurketa horiek egingo zituzkeen, Hernaniko herria baita Txotxeko errealitatea ezagutu nahi duena. Badirudi EH Bilduk ez duela nahi, errealitatea zein den jakiterik.
EAJ-PNVn beti esan izan dugu, EH Bilduk eskatzen dituen informeak bere planteamendu politikoen arabera egiten direla, eta ez gure herriaren beharren arabera. Adibide garbi bat jarriko dugu. Enpresa berari eska dakioke bi ikerketa egiteko, herrian ibilgailuen zirkulazioaren noranzkoak nolakoa izan behar duen aztertzeko, kasu batean, herrira inor ez etortzeko moduan, eta bestean, Hernanira sartu-irtenak egitea erosoagoa izateko moduan. Enpresa bera, emaitza desberdinak.
Soinuaren azterketara itzulita, ikerketa 2017an egin zenez, imajinatzen dugu EH Bilduk pentsatuko zuela, dagoeneko, zein neurri jarriko dituen martxan, orokorrean, Hernaniko bizilagunen bizi kalitatea, eta zehatzago, Kaxkokoena, hobe–tzeko. Espero dugu erabaki horien berri ematea oposizioari.