"Athleticen lotsagarrikeria" zen, hasiera batean, idatzi honentzat pentsatuta nuen izenburua baina, igandean amorruz eta inpotentziaz beterik baldin banintzen ere, sentimendu hauek, egunak pasa ahala arintzen joan dira eta talde honen jarrera ezegokian zentratzea baino nahiago izan dut Futboleko Hernaniko Ohorezko Mailako taldeak aurten egin duen denboraldia aipatzea. Mila zorion jokalariei egin duzuen denboraldiagatik. Izugarrizko gorakada egin duzue hasieratik bukaera bitartean. Zorionak entrenatzaileei egin duzuen lanagatik eta, hasieran inork pentsatzen ez zuena, hau da, jaitsiera saihestea lortzeko puntu-puntuan ibili zaretelako. Eskerrak klubari ahal dituen baliabide guztiak jartzeagatik eta zorionak jarraitzaileei, astebururo, euren animoak eta berotasuna emateagatik.
Entrenatzaile batek, denboraldi hasieran, azaltzen zizkidan, maila honetan jarduteak dituen zailtasunak eta honen adierazle, talde mordo bat mailaz jaisten dela. Hau kontuan hartuta, azken jardunaldira, borrokatuz, iristearekin pozik izango zela esaten zidan. Baita lortu ere!!! Eta, neure gogoen eraginez behar bada, baina garbi ikusten nuen egina zegoela, mailan mantentzea lortuko zutela, eta horrela adierazi nion aipatutako entrenatzaile honi. Athleticek ordu arte jokatutako gainontzeko partiduak erraz irabazita zituen eta ez zen zentzugabekeria pentsatzea azken jardunaldi horretan, etxean jokatuz gainera, Pamplonaren aurka Athletic garaile irtengo zenik. Ez naiz Athletic zalea baina ezta Athleticen kontrakoa ere eta, Pamplona Athleticen sarearen barnean dagoela jakinda ere, Athletic bezalako klub handia horrela lokaztuko zenik ez nuen espero. Baina "usteak erdi ustel" dio esaerak eta, oraingo honetan, Athleticek, inongo lotsarik gabe, Pamplonari irabazten utzi zion, horrek Hernaniko taldeari eragiten zion kaltearekin, berari zegokion maila utzi behar izatea alegia. ATHLETIC handia zena "athletic" (hizki txiki-txikiaz mesedez) bihurtu da zoritxarrez. Adin hauetako jokalariak horrelako ekintzak egitera bultzatzen badira, zer ez dute egingo profesional mailara iristen badira?
Lehen esan dudan bezala, Hernaniko taldeak erakutsi duen kiroltasun eta jarrera borrokatzailearekin gelditzen naiz. Animo mutilak eta gora Hernaniko CDH!!!