Nonbait izan behar eta Hernanin jaio ninduten. Ez zen izan latitud eta longitud koordenaden arteko gurutzatze xinplea (nahikoa, bestalde, bizitza errepikaezin bati hasiera emateko). Ez horixe.
Norbaitek sortua, norbaitek nonbaitera ekarria, memorian gordetzen ditudan aztarna guztiak adierazten didate lehendik detaile txikiena ere asmatuta, egina, osatua zegoen mundu batera iritxi berria nintzela. Hain zuzen, azeriaren ezkutalekura.
Kaxkoa eta bere “baliabideak” (bizilagunak, haien aurpegi,ahots eta izenak, giroa, kaleak, kantoi bakoitza, txokoak- izan ziren nire existentziaren seaska, nire gizarteratzearen eskola.
Errusiar matrioshkaren gisa, bakoitza hurrengoaren baitan, familia, Kale Nagusia, Plaza Berri, Tiloseta, Inmakulada… Hernani, finean. Non plus ultra. Hona nire erroak.
Geroztik, betikoa zirudien mundu hark aldaketa ugari ezagutu zituen, hazkunde expantsio eta barne berritze erritmoen aginduetara. Eskala historikoan geldo, eskala biografikoan ziztu bizian, desagertu ziren sukalderaino sartzen zitzaigun tranbia eta bere kanpai hotsa, plaza berriko ganadu kakak, tailerrak, inprentak, ogi labeak eta ikatz almazenak. Bizilagunok –gero eta hiritarragoak- ingurumena eta haren eustea arriskuan jar zezaketen inpaktoen garrantziaz ohartu ginen. Kaxkotik kanpo ia dena zen berria; Kaxkoak, aldiz, bere zahar-berritzeari ekin zion.
Kaxkoak ez zuen bere nortasuna galdu. Eta Kaxkoarekin bat, azeriaren ezkutalekuak biziraun zuen. Gizarte ebolutibo hark bazuen zer zaindu.
Belaunaldiz belaunaldi, hernaniar anitz gogotik jardun dira auzoko bizi kalitatearen hobekuntzan. Historiarekin konektatzen gaituen auzo bizitzaren garapenean; gune urbano eta bizilagun komunitatearen arteko besarkatze emankorra sustatzeko sortua eta zaindua izan den altxor historikoa taka-taka jorratuz. Azeriaren ezkutalekua mantenduz.
Bertako bizilagunen auzoa izateaz gain, zerbait gehiago ba da Hernaniko Kaxkoa. Udalerriaren erreferente historikoa dugu, hernaniar guztiok bateratzen gaituen esparru urbanoa. Hona, gure esku, mendez mende gure gisa hemen bizi nahi izan zutenek utzitakoa, eta gure atzetik –gure gisa haiek ere- agian hemen bizi nahiko dutenei, erantzukizunez, utzi behar dieguna: bizilagunek-historiak- kaleek-arkitekturak-etxeek-misterioak osatutako ondarea. Azeriaren ezkutalekua, alegia.
Otoi, kaxkotarren batek azalduko al lidake, mesedez, nola uztartu ditzakedan Hernaniko Kaxkoa eta, nazka, amorrua eta tristezia eragiten dizkidan zabor turismoa?
Luis Gorrotxategi Zigaran