Gudari Eguna dela eta, 2016ko irailean Hernaniko ikastetxe batean buruturiko ekitaldiagatik José Luis Castro Antonio epaile espainiarrak Hernaniko bost gazte zigortu ditu. Elkarbizitza baloreak ikasi behar omen dituzte.
Baina nor da epaile hau? 2003ko maiatzean Madrilen euskal presoez arduratzeko espetxe zaintzako epaitegi nagusia sortu zuten, eta Castro epaitegi horretako burua da.
Botere politikoak euskal presoen salaketa guztiak behin eta berriz baztertzeko jarritako epailea da. Euskal presoek epaile honi bidalitako salaketa guztiek argudiorik azaldu gabe ezezko erantzuna jasotzen zuten etengabe. Legearen aurka egiten zuen eta bere erantzuna ezezkoa zen beti.
Behin, zuzeneko elkarrizketa batean euskal preso batek joera honetaz galdetuta, epaileak hau erantzun zuen, «Zuk badakizu zertarako jarri nauten hemen». Bai, hori ederki genekien eta zeregina ongi betetzen zuen.
Joera hau zela eta, 2012an Auztitegi Gorenak bere ebazpenetan argudiorik ez emateagatik ohartarazi zioten, baina epailearen jarrera ez zen aldatu.
Huelvako espetxean 2003ko azarotik 2007ko otsailera telefonoz euskaraz hitz egitea debekatu ziguten. Erdaraz egin beharra genuen. Garai hartan nire alaba txikia zen eta ez zekien erdaraz. Nik alabarekin ezin nuen euskaraz hitz egin. Garai hori Huelvako preso euskaldunontzat gogorra izan zen.
Guk Castrori salaketa bidali genion, baina berak telefonoz ezin genuela euskaraz hitz egin erabaki zuen, erdaraz baizik. Eta agian gu ikustera etorritako bisitariek ere erdaraz egin beharko zutela nolabait adierazten zuen. Zirrikitu hori ere zabalik utzi zuen.
Hau da Castro epailea. Urtetan legea urratu besterik ez du egin eta Hernaniko 5 gazte zigortu ditu. Honelakoak espainiar estatuan, Turkian eta Afrikako zenbait herrialdetan gertatzen dira soilik.