Zein da AMHER elkartearen ibilbidea?
2002. urtean inguruko etorkinen egoerari aurre egiteko elkartzeko beharra sentitu zuten Hernaniko herritar batzuk. Modu batean, informazio puntua sortzeko eta dokumentu administratiboak aurrera eramateko helburuarekin elkartu ziren herritarrak. Arreta handiagoa behar zela ikusi zuten, eta 2003. urtean herrian kulturaniztasuna lantzeko elkarte bezala AMHER finkatu zen. Hortik, ikusi zen, gainera, herrian etorkinen eta bertakoen arteko elkarbizitza sustatzeko ekintzak ere antolatu behar zirela. Hortaz, Hernaniko udalarekin hitzarmena sinatu eta hasieratik, AMHER funtzionatzeko bolondresak ekin diote lanari; baina, eguneroko harrera ahal den hobekien emateko, gainera, hainbat langile egon dira bulegoan gaur egunera arte.
Eta, zehazki, zein da egiten duzuen lana?
Arrazakeriari eta diskriminazioari aurre egiten diegu, desberdintasunak murrizten lagunduz, inklusioa bultzatuz; Hernaniarren arteko bizikidetza indartzea dugu helburu.
Seguraski, Bizilagunak edo Jaialdi Gastronomikoa egiten dugulako ezagutzen gaituzte, baina, gauza gehiago egiten ditugu urtean zehar, bai herrian eta baita bulegoan zein arlo pribatuan ere.
Aitzitik, aholkularitza, errotze eta bizikidetza ekintzak, sentsibilizazio ekintzak, emakumeen taldea eta GazteBizilagunak gazte taldea aurrera eramaten ditugu.
Zergatik animatu zineten “Tratu Onen Mapa” prozesuan parte hartzera?
Herrian elkarbizitza positiboa sustatzen saiatzen garelako eta, baita ere Hernani Tratu Onen herria dela sinesten dugulako. AMHER-ek Tratu Onak lantzen dituelako herritar berriei harrera eginez; akonpainamendua egiten diegu, lagundu eta zaintzen ditugu. Hernanik eragile eta pertsona ezberdinen sare handia du eta benetako elkarlana dago. Hortaz, oso ideia interesgarria iruditu zitzaigun Tratu Onen Mapan sartzea.
Herrian daukaguna baloratze aldera, zeintzuk dira egun dauden praktika onak?
Lehenago esan bezala, Hernani Tratu Onen herria dela sinesten dugu, eragile eta pertsona ezberdinen sare handia duelako eta benetako elkarlana dagoelako.
Kulturartekotasunari dagokionez, nabaria da eragileen eta pertsonen arteko sareak aniztasun kulturala babesten duela. Eragile eta pertsona horiek, gainera, ez dira adin tarte batekoak, ezta pentsamendu edo ideologia berekoak eta, zaletasunak eta jatorriak ere anitzak dira.
Eta zuen ustez, eta Tratu Onei dagokionez, zer indartu behar da Hernani mailan?
Gure ustez, bertako zein etorkinen parte hartzea areagotu beharko genuke. Bertakoak antolatzen dituzten ekintzetan etorkinen presentzia falta nabaria da eta alderantziz ere bai.
Nola irudikatzen duzue migranteen inklusioa denontzako ona izango den Tratu Onen herri amestu hortan?
Tratu Onen herri amestu horretan, eta Bizilagunak proiektua aprobetxatuz, familien eta gazte kuadrilen artean herrian gauzatzen diren ekintzen informazio trukea, batera egiteko ekintzen antolaketa egongo liratekeela uste dugu.