Ez dut ukatuko Katalunian azken hilabeteotan gertatu diren gertaera larriak gogor samar ukitu eta ernegatu nautenik. Samin sarkor batek hartu nau barrena eta erasotzen nauen inpotentzia baten sentsazioa sentitzen ari naiz azken boladan. Noraino iritsi behar du Espainiak? Noraino Estatuak? Zergatik gertatzen dira demokrazia deitu honetan, 40 urtez sufritu genuen garai ilun haietan gertatzen ziren oso tankerako egoera eta gertaerak? Zergatik erabakitzeko eskubidea bezalako aldarrikapen zilegi eta demokratiko bat defendatzeagatik Estatuak espetxeratzen ditu politikari kataluniarrak? Beste arrazoirik ezean, Estatuak indarraren arrazoia erabiltzen duelako? Lehengo garai ilun haien arrasto beltzak oraindik astindu ez dituelako?
Norbaitek esan diezadake nola lor daitekeen modu baketsuan, erabakitzeko eskubidea bezalako aldarrikapen bidezko eta zilegi bat, Espainia bezalako Estatu ustez demokratiko batean? Katalunian 2 milioi persona kalera atera eta Espainian ez al zaio inori bururatu hor arazo serio, sakon eta larri bat daukanik? Eta komenigarriena, arazo hauek elkarrizketa eta negoziazioaren bidez konpontzea denik? Ez al zaio Espainian hori inori bururatu? Edo horrelako ebidentzia baten aurrean, Estatuaren erantzun bakarra Katalunia poliziaz eta Guardia Zibilez betetzea da, prozesu honetan egin duen bezala? Eta kataluniarrak kolpatu, jipoitu eta ia 1000 pertsona zauritzea? Edo 80 urteko amonak indarraren bidez airean astintzea? Edo Espainiaren batasun ustela bermatzen duen Konstituzioa gurtzea? Edo batasun ustel hori goitik behera defendatuko duten epaileak izendatzea? Nola epaitu ditzakete kataluniarrak, justu beren ideologiaren aurkari amorratuak diren epaile espainol peto-petoak? Prozesuan akatsak izan direla kataluniar soberanisten aldetik? Noski baietz, baina akatsik handiena Estatuak egin du indarkeria erabili duelako, eta jende demokrata eta baketsua espetxera eraman duelako, eta tamaina hontako arazo baten aurrean koldar eta ez demokratikoki jokatzen ari delako. Horregatik gatazka honetan jokabide eredugarri bakarra izan da: kataluniar soberanistena.
Nola daiteke, Espainian, personak bahitu, torturatu eta hiltzeagatik kondenatuak izan diren funtzionario publikoak kartzelan lau urte solik pasatzea eta eskubide baten aldarrikapena egin, edo soilik bozkatzea eskatzen duten politikari garbiak kartzelan sartzea? Non dago justizia? Nola uler daiteke, modu baketsuan, herri-galdeketa soilik eskatzen zutenak espetxera sartzea, eta Kataluniarrak jipoitu eta zauritu zituzten polizia guztiak etxean lasai eta kargurik gabe izatea? Zer (zeropeko) demokrazia da hau? Gero inor harritu daiteke, garai ilun haien arrastoak hor dirautela, sarri samar entzuten denean?
Ikas dezagun Euskal Herrian Kataluniakoa ikusi ondoren. Hemen ere badugu zer eginik eta. Eta lehenengo gauza behar bada, pentsakera desberdinek dakartzaten gure arteako diferentzien ertzak eta euskaldunon arteko harremanak leuntzea litzateke. Datozkigun erronkei aurre egin nahi baldin badiegu komeni zaigu denon arteko batasun handienaren alde ahalegintzea. Ekainaren hamarreko Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Giza Katea hortxe dugu. Gure Esku Dagok hartu du antolaketaren ardura eta Hernaniri dagokionez, 2000 pertsona beharko dira Usurbil inguruan errepideko 4 kilometro betetzeko. Estatuak, herritarrek atzera egin dezaten nahi du, Katalunian egiten ari den bezalako operazio zikinekin. Ez da komeni amore ematea, arrazoiaren indarra daukagulako. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez, egin dezagun geure prozesu garbi, parte-hartzailea eta baita (guk ere) eredugarria ere. Eta denok bateginik hobeto.
Dihoakie kataluniarrei gure elkartasun zintzo eta goxoena.