Jexux Eizagirre Portillo
Orain hurrean, Iñigo Goñi eta Arria V aritu ziren hizketan, herri kirolen gainean.
Ederki asko azaldu zuten apustu mitiko hura, Luxia azkoitiarrak eta Latasa nafarrak jokatutakoa, 1959 urtean. Donostiako zezen plaza betea (17.890 lagun). Sarrera garestienak, 250 pezeta (primerako ofizial baten astebeteko jornala baino gehiago). Argentinatik charter hegaldiak. Alde bakoitzak 500.000 pezeta jokatu (gaurko 118.000 euro). Eta, Latasa gaztea, irabazle.
Naparra lanian ikusitako zenbaitek esan genduan:
«gure Jainkuak len olakorik izan ote du munduan»,
orrek egurra ebakitzen du zerra makinan moduan,
aundiyak txiki gelditzen dira Ramón Latasa’n onduan,
odol beroko azkoitiarra orra nola utzi duan (Lexoti)»
Ordura arte, Luxia zen jaun eta jabe, aizkoran. Ez zuen apusturik galdu, artean. Gipuzkoan ez zen euskaldun asko izango hura zein zen ez zekienik. Irabazi zuen azken apustuaren egunean bertan, hara zer gertatu zen Hernanin. Erdaraz hitzik egiten zuen hernaniar bat, kalean barrena, hor hasten da etenik gabe: «Biba Luxia, eta Biba Luxia». Hori entzuteaz bat, goarzibilak zer egingo, eta… kalabozoan sartu. Joanda etxeko bat, erdaraz bazekiena noski, galdezka, eta, goarzibilak: «Es que estaba gritando sin parar Viva Rusia». Etxekoak esan zion «Biba Luxia» zela eta ez «Viva Rusia». Eta hala utzi zuten libre. Jakina, etxekoak goarzibilari azaldu behar izan zion zein zen Luxia.
Ordutik hona, gauza asko aldatu dira. Adibidez, goarzibilak bezala, gaur egun, ikastolako jendeak ez daki zein den Aimar Irigoien bat. Futbolistarik kaxkarrenaren izena, bai ordea. Baina, gaur atzo bezala, goarzibilak preso eraman zaitzake, baita Madrileraino ere, txorakeria bat esateagatik. Galdetu bestela Olazti abeslari nafarrari.