Pentsioen mozioari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Ricardo Crespo Rubio PSE-EEren bozeramailea Udalan 2018ko mar. 28a, 02:00


Azkeneko plenoan mozio bat aurkeztu zuten pentsio duin batzuen alde. Bertan jasotzen zen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta Euskadirentzat Gizarte Segurantzako sistema propioa ezartzea. Eta eskatzen ziguten alderdi politikooi hura babesteko; baina Alderdi So­zia­lista abstenitu egin zen. 
Gutun hau idatzi dut, gure jarrera azaltzeko.

Ez da ez dugula babesten 1.080 euroko gutxieneko pen­tsioa, nahiko genuke hala izango balitz! Uste duguna da egoeraren arabera aztertu beharreko kopurua dela; ez delako gauza bera bakarrik bizi den pentsioduna, alokairua edo hipoteka ordaindu behar duena, eta 1.080 euro besterik jasotzen ez dituena, gehi dagozkion laguntzak; edo 1.080 euro bana (2.160 eu­ro) jasotzen dituen bikotea, gehi dagozkien laguntzak. Ba­­koitzak bere kotizazioaren arabera eta jubilatu zenean zeuden baldintzen arabera kobratzen du.

Euskadirentzat Gizarte Se­gurantzako sistema propioa eskatzen zuten baita ere. Ez da sekretua PSE-EEk ez duela babesten gizarte se­gurantzako kutxa bakarrarekin haustea, Espainia oso­ko langile eta pentsiodunen ar­te­ko elkartasuna ziurtatzen duena. 2015eko azterketa ba­tek neurtu zuen Euskadiko Gizarte Segurantzako defizita 2.500 milioikoa zela; horrek esan nahi du Gizarte Segu­rantzak pentsio gehiago or­dain­tzen dituela, kotizazio­en­gatik sartzen duena baino. Sistema propioa izanez gero, 2.500 milioi horiek ordaindu beharko genituzke.

Baina, gainera, Duinta­su­na elkarteak aurkeztutako mo­zioak helburu politikoa dauka. PSOE eta PP pareka­tzen ditu, gauza bera balira be­zala; ulertzen dut badagoela jendea hori pentsatzen due­na, eskubiko komunikabideei erreparatuta. Baita ere uste dut PSOEk hauteskundeetan ordaindu dituela bere akatsak. Baina eskaera konkretuez haratago, batasun gehiago nahi izanez gero, parekatzea alde batera utzi zezakeen. Hori zaila dela ulertu nuen plenoaren buka­e­ran baieztatu zidatenean, Duintasuna elkarteak ez du­e­la Hernaniko pentsiodunen kolektibo osoa ordezkatzen. 

Zorionez, pentsiodun as­kok mozioarekiko desadostasuna adierazi digute, baita aurkezteko moduekin ere, korrika eta presaka. 

Abstenitu egin gara guregana hurbildu denaren erres­petuz. Eta mozioa alde batera utzita, kontzentrazio eta ma­ni­festazioetara joaten jarrai­tzera animatzen zaituztegu, hau ez duelako inork geldituko! Ez da alderdi politikoen kontua, egungo eta etorkizuneko pentsioei buruzkoa da; pertsonen duin­tasunaz. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!