Gezurra argitze aldera
Martxoak 14ean Hernaniko 14 taxilarien argitaratutako gutunari erantzun nahi nioke publikoki, esandako gezurrak argitze aldera. 15etik 14 izateak ez die eta egiaren jabe egiten, bakarra nahikoa izan ohi da egia non dagoen ikustarazteko. Hernaniko Udalak, berak baitu eskumena, ez taxi gidariek, niri emandako baimenak, Koro Etxeberria Tolosa Zerbitzu Publikoko Zinegotzi Delegatua denak sinatutako 2016ko apirilaren 21eko eta 2017ko urriaren 11ko Dekretu bidez hain zuzen ere, 9 plaza dituen eta ezgaituentzat egokitutako furgoneta erabiltzeko onespen osoa ematen dit. Beraz, gezurra da beraiek dioten bezala ‘etengabe egiten duela taxi horren erabilera okerra’. Ez dut inolako debekurik jaso gaur arte ‘lau bidaiari baino gehiago hartzeko geltokian edota edozein tokitatik ateratzeko’ debekurik.
Nik ez dut inoiz idatzirik sinatu non ‘jarduera horrek konpetentzia desleiala eragiten duenik’, are gutxiagorik, niri ‘baimena kentzen didan idatzirik’. Nik sinatutako idatzi guztiak udaletxeko espediente administratiboan daude eta direnak dira, ez asmatu zer diren ezta zer esan nahi duten, esaten dutena esaten dutelako.
Argi ikusten da zein den 14 taxilarien nahia, idatzian bertan jartzen dutena, ‘onartutako eserlekuak kentzea’, eta gezurra da ez daudela 9 plazatako eta egokitutako taxien aurka, Hernanin ez dutelako nahi, hala eskatu diotelako behin eta berriz Hernaniko Udalari.
Gezurra da ere nik inor erasotu dudanik; ni aldiz, momento oro iraindua eta presionatua nago, 14 taxi gidari etengabe iraintzen eta etengabe oztopoak jartzen nire lana behar den bezala egiteko. Egoera benetan jasaingaitza 2016an lehen baimena eman zidatenez geroztik. Ezin dute ulertu 14 taxi gidari horiek, Hernani herriko zerbitzu ezin hobeagoa eta behar beharrezkoa dela 9 plaza eta egokitua dagoen furgonetaren taxi zerbitzua. Galdetu dieziegun bestela nire erabiltzaile diren herritar horiei.
Greba egin nahi duenak greba egin dezala, greba eskubidea langile ororen eskubidea delako, baino ez nahastu gauzak, nik ez dut inor erasotu. Hori bai, Udalak mesede handia egingo liguke taxi gidari guztioi Taxi Zerbitzua behar den bezala arautuko balu, ez niregatik ezta gainontzeko taxi gidariengatik bakarrik, bereziki eta batez ere, taxi erabiltzaileengatik, horiek bai dituztelako taxia erabiltzerakoan beraien eskubideak eta horiek dira bermatu behar ditugunak.