Ez da ulertzen xamurra Kaxkoko bizilagunen bizi kalitatearen hondatzea dela medio, haien exodoarekiko udalaren isiltasun ozena. Nonbait isilak isila erakartzen, ez da arinagoa Kaxkoko etxebizitzek urteetan ezagutzen duten baliogutxitzearen aurrean gure gobernatzaileek mantentzen dutena.
Ia hiru legealdi, 11 urte jarraian, hamaika urte Udal gobernuaren zuzendaritzan ez ote da epe nahikoa indar politiko batek esku artean darabilkigun gaiari buruz hasieratik jorratu dituen ideia nagusiak baliagarriak diren ondorioztatzeko? Ñabarduretan sartu Gabe, Udal gobernuaren ustez urte bolada horretan gure gaiari dagokion politika munizipalaren bizkar hezurrak honakoa du gako nagusia: uztartu behar dira ‘bisitarien dibertsioa’ eta ‘bizilagunen deskantsua’. Baina, bi baldintza horiek betetzen dituzten formula magikoak gobernatzaileen fantasian ezik ezin dira errealitate egozkorrean txertatu. Lotsa ere sentitzen dut gogoratzen ditudanean, urtetik urtera, denboraldi hasierako ekitaldietan alkateen ahotsetan entzundako, sormenaz gainezka lelo xelebreak, zein baino zein absurdoagoak. Izan ere, inkognita bi dauzkan ekuazio bakarrak ez baitu soluziorik. Ezin baikorra izan. Errealitateak erabakitzen du, ezinbestez, politika horren errealismo dosia. Giza eskubideen aldeko emaitza aztarnarik gabeko hamaika urte errefusara. Zenbaiterainoko ongizate xahutze tokatuko zaigu Udal gobernuak ‘parranda isila’ edo ‘deskantsu zaratatsua’ aurkitzen dituen bitartean!
Edozein hernaniarrak dagozkion hiritar betebeharrak betetzen ez dituenean, erabilitako zerbitzuen ordainketan atzeratzen bada, edo betekizun fiskalak alboratzen baditu, hango prozedura dela, hemengo kontrola dela, ‘zerbait’ aktibatzen da haren ‘desbideratzea’ zuzentzeko. Zer gertatu behar du gobernu munizipalak hain barneratua duen immobilismoa utzi eta, ‘zera’ aktibatuz, gure Kaxkoko biztanleen kronifikatze bidea daraman arazoari trataera eraikigarri bat emateko? Hiritar aniztasunaren arabera, ‘zera’ hori izan daiteke: giza eskubideen aldarria…lotsa…agindutakoa betetzea…borondate politikoa…dezentzia…duintasuna…errespetoa…autokritika…
Bukatzeko, Hernaniko Udalean erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politikoen ordezkarien gehiengo potoloa kontutan harturik, enkistatzeko zorian dagoen arazo hau bideratzeko ez al litzateke izango aukera demokratiko hobeezina, mugimendu hiritar eta sozialekin batera, Kaxkoan auzo galdeketa bat egitea?
Deus ez hiritarrei buruz, hiritarrik Gabe.
Luis Gorrotxategi Zigaran