Argi dago txotx denboraldian sagardotegietako jardueren eta Hernaniko Kaxkoan pairatzen den egoera gogorraren artean harreman zuzena dagoela. Biak koinziditzen dute toki eta denbora berean. Halere ez dut inoiz pentsatu bien arteko lotura estuak kausa-efekto erlazioarekin parekatu daitezkeenik. Euren arteko erlazioak beste hausnarketa mota bat eskatzen du. Lantzen duenarentzat izan bedi oparotasuna, sagardotegien kasuan ere.
Hori esanda, mamira. Hernaniko Udala bertako hiritar, enpresa edo elkarte guztien zerbitzura dagoela esaten badut, ez dut ezer berririk deskubrituko. Gauzak horrela, nola azaldu, urtez urte gure Udalak txotx denboraldiarekin duen inplikazio zuzena, argia, nabarmena? Nola ulertu genezake denboraldi bakoitzean, sektore pribatuan hasi eta bukatzen den ekimen ekonomiko bati zuzentzen zaizkien logistikarako, garbiketarako, publizitaterako, udalzainen presentzia indartzeko, udal aurrekontuetako diru partidak? Laburrago, nola ulertu irabazi asmoa duen ekimen pribatu batek eragindako kostuak hernaniarren diru publikoarekin ordaintzea?
Nola leike hondakinen birziklatzearen alde eta ingurumen kutsaduraren aurkako borrokan nabarmendu den Hernaniko Udala, urtea joan urtea etorri, mutu eta pasibo mantentzea egundoko hernaniarren deskantsurako eskubidea urratzen duen gau kutsadura akustikoaren aurrean? Zer eragin izan dute duela zazpi urte Udal gobernuaren agindupean eskandaluzko emaitzak eman zituzten Kaxkoko kaleetan egindako zarata neurketak?
Zergatik duela urte mordo bat leiho zabalik lo lasai egiten zuten Kaxkoko bizilagunei orain eskaintzen zaizkie paliatibo ustela baino ez diren itxitura isolatzaileak? Diru laguntza horiek ezkutatuko al dute atzeko atetik sartzen dieten ‘opari’ mingotsa, alegia gaueko haize freskoaren aukera ahaztea?
Inor molestatu nahi gabe, gogorarazten diot Udalari Kaxkoko bizilagunen ezinegonaren jatorria ez dela leihoen kalitate kaxkarra, kalean dabilen mozkor marabunta andana baizik. Jakina, ‘bisitari’ hitzarekin makilatzen den gau-turismoaren zibismoezak ez baitu ulertzen Kaxkoko hiritarrek ordu txikietan duten lotarako ohitura arrotza eta gaiztoa.