Jokin Zubeldiak Hernaniko Kronikan argitaratutako idatziak dexente kezkatu nau. Ziur aski gizon askok horrela pentsatzen dutela jakitun naizelako. Idatziaren edukin iraingarriak, emakumeenganako somatzen den mespretxua, feminismoaren aurkako haserrea, gure gizartean errotuta dagoen pentsamendu matxistaren adibideak dira.
Idatzi horrek berriz agerian uzten du gizon eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritutako gizarte batetik urrun gaudela. Egunero, lanean, kalean, eskoletan, familietan, koadrilan, harreman pertsonaletan,… ikusten eta nabaritzen dugu emakumea izatea zapalkuntza pairatzea dakarrela. Klase zapalkuntza bezain begi bistakoa da genero opresioa, nahita itsututa ez bagaude behintzat.
Hori esanda ikaragarri deigarria egin zait hainbat emakume politikarien aurka jaurtitzen dituen irainak. Gizonek dugun aurrekariekin nagusikeri ikaragarria behar da horrela hitz egiteko. Gizonezkoen diktadore odoltsu, krudel eta basatien zerrenda amaigabea denean, kapitalismoa gizon zurien esku dagoenean ia ehuneko ehunekoan, aurpegi latza behar da esateko «es ke emakumeak ere gaiztoak dira». Baina harrokeri hori oso oso gizonezkoa da zoritxarrez. Hau esanda kasu batzuk ezin ditut utzi aipatu gabe.
Michelle Bachelet Maputxe hiltzailea deitzea gezurra esatea da. Bacheletek, adierazpen historiko batean, Maputxeak jasandako zapalkuntza, bidegabekerien eta hilketen aitortza egin zuen. Barkamena eskatuz horregatik eta erreparaziorako bideak ipiniz. Txileko lehen presidentea izan zen hori egiten.
Dilma Roussef ustela dela esatea ezjakintasuna adierazten du: ez jakitea Roussef-en kargugabetzean ez zitzaiola ustelkeririk leporatu eta ez jakitea bai Dilma Roussef bai Lula Da Silvaren aurkako erasoak Brasileko eskuineko indar faktikoek gidatutako ‘legezko estatu kolpe’ bat direla.
Eta azkenik zer nahi duzue esatea... Marta Rovira edo Laura Mintegi iraintzea maila eskasa adierazten du besterik ez.
Mikel Arrieta Iraola