Beno bat ez, bi baino bai, biak elkarrekiko lotura badutela uste dut eta.
Bata, pasa den ostegunean, Aukeran dantza konpainiaren Maurizia muntaia aparta ikusi eta gozatzeko parada izan genuen Biteri Kultur Etxeko aretora bertaratu ginenok. Ezin ba, besteen ahotik berba egin, baina ni neu behintzat zapore ona baino hobeagorekin bueltatu nintzen etxera. Ederra benetan bai musika zein gidoia bera (istorioa, alegia), koreografia, argiteria eta, nola ez, dantzariak eta zuzendariak, ahaztu gabe teknikari guztiak. Xumea zirudien arren, ziur naiz lan eskerga dagoela guzti horren tripetan. Zorionak, beraz, denoi.
Bestea, arestian aipatu dudan aretoa, goraipatzeari eskaini nahi dizkiot ondorengo berbak. Eraberritze lanak estimu handian ditut, aspalditik ari bainintzen, behin eta berriro errepikatuz aspertu barik, Hernani herriak eta hernaniarrok bestelako areto ganorazkoagoa merezi genuela. Eta hemen da, ezta berria, baina hala dirudi: eserleku erosoagoak bertan jarri eta edozein dela emanaldia disfrutatzeko hankak alde batera eta bestera mugitzen ibili gabe edota aldamenekoaren arnasa bera sumatu barik. Alderdi teknikoez (argiteria, sonoritatea eta abar) ez dut apenas ezer entenditzen, baina nago burutako lanak fundamentuzko burua erabiliz gauzatu direla. Zorionak, hortaz, Udal korporaziori eta lanean aritu zareten behargin guztioi. Segi horrela, kultura herri baten arnasa da eta. Hurrengo geltokia (erronka) Milagrosa Kapera.
Poz handiz, ondo izan.