Gure amona 30 urtekin alargundu zan. Lehenengo, seme bakarra hil zitzaion. Eta handik urte betera senarra. Baserria erre zitzaien. Eta keak tragatuta hil zian. Amona-izebak gelditu zian baserrian, bakarrik. Oso bizimodu gogorra. Baina, haiek gogorragoak izandu. Behin, amonak esan zidan: Joan hadi ganbara eta ekartzin babarrunak. Ya ke danok sukaldean gauden haiexek txurituko dizkinagu. Hiru pisu zeuden ganbaraino. Eman zian saskia (sagarrak biltzeko-eta erabiltzen genun saski horietako bat). Hura hartu nun eta igo nitzan gora. Saskia bete-bete ondo... hasi naiz altxatzen, eta... Ez dedala jasoko! Ekarri nun arrastaka eskailera izkinaraino. Nola jetsi bihet hiru pisu saskiarekin? Jun nitzan sukaldera, eta amonak: Non ditun babarrunak? Eta nik: Saskia bete det, baina ezin nun altxa, eta han utzi det. Amonak: Han utzi??? Deituion Biharrari, etorriko zain-eta. Hor bidali nau, ostera, gora. (Pentsazazu zer umea nitzan, ni neroni ez naiz gogoratzen amonak hori egin zianik! Handik urte batzuetara kontatzen ziaten nire izebak, zer esaten nun). Igo omen nitzan ganbarara... alde guztietara begiratu... eta... Biharraaa! deitzen omen niola. Behintzat, noizbaite: Ez nauk, ba, berriro amonarena joango, bestela ostera bidaliko natxiok gora. Eta, eta... tak, tak, tak… jaitsi omen nun saskia, tiraka altxa ezin nulako. Eta sukaldera jun nitzanean, amonak: Ekarri ditun eeh?! Eta nik: Bai, baina jasota ez, asko pisatzen zuten-eta. Amonak: Eta... Biharra etorri al zain? Han ez da inor azaldu, erantzun omen nion. Eta izebak parrez. Nik, gero, ikasi nun Biharra ez zitzaidala etorriko. Nik ustet, pertsonak ezinak gogortzen dituela». Horra, orain 6 urte, 86 urteko amona bati entzuna. Atzo, 6 urteko bilobak esan zidan: «Aitona, lagundu… !» Gustura esango nion, «Deituiok Beharrari». Baina, gupidatu, eta lagundu egin nion. Ez ote ditugu gure umeak gehiegi babesten?
Beharra ez al dugu
txit langile fina?
Egina bihurtzen du
lehen zena Ezina