PSOEko gurasoen seme-alabak ere atxilotzen zituztenean telefonoa astintzen hasten ziren hauek ere, gobernadore zibilari deika: «mesedez, nire seme-alaba ez dezatela torturatu, otoi, arren!» Dei lazgarria zen, bai baitzekiten zer gertatzen den Espainiako indar polizial-militarren esku eroriz gero.
Tortura sistematikoa izan da gatazka politikoaren ondorioz atxilotutakoentzat. Euskal disidentziari ezarri zitzaion ‘gerra politikaren’ parte bat zen tortura. Estatu espainiarrarentzat arma baliotsua izan da Euskal Herriaren aurka. Hernanin bertan euskal memoriak 131 kasu jaso zituen. Tortura, indarkeria motarik krudelena eta bihozgabeena da, askotan heriotza bera salbazio moduan ikusarazten duena.
Euskal Herriaren eskubide demokratikoak ukatzeko erabili den indarkeria ankerra da tortura.
Azken aldian, mundu guztiak zekiena «iritzi publikatura» ekartzeko urrats garrantzitsuak eman dira. Torturaren egia ezagutzeko euskal memoriak bilketa lan mardula egin zuen eta, berrikiago, Pako Etxeberriak gidatutako txostena argitaratu da. 1960tik oraintsu arte izandako tortura kasuak jasotzen ditu, guztira 4.113. Azpimarratzeko modukoa da ikertutako kasuen %78 gertatu direla 1978tik hona, Espainiako demokrazia txit demokratikoan. Jaurlaritzaren txosten honek izan diren tortura kasu guztiak ez ditu biltzen, baina oso esanguratsua da: Tortura sistematikoa izan dela frogatzen du.
Euskal Herrian, gaur egunean, Estatu espainiarrak bakarrik erabiltzen du indarkeria eta bada garaia urratsak ematen hasteko. Torturaren aitortza egin beharko litzateke eta justizia trantsitzionala aplikatu. Tortura bidez lortutako kartzela-zigorrak baliogabe utzi beharko lirateke.
Bitartean, guri tokatzen zaigu torturaren errealitatea ezagutzera ematea eta Hernanin torturatutako guztiei gure babesa eskaintzea. Ez dugu inoren seme-alabarik torturatzerik nahi. Horretarako elkarretaratze bat egingo dugu Plaza Berrin, asteartean, hilak 13, arratsaldeko zazpi eta erdietan. AITORTZA, ERREPARAZIOA, EZ ERREPIKATZEKO BERMEA.