Jexux Eizagirre Portillo
Behin, artzain batek burla egin omen zion Martxori. Martxok egun eta erdi eskatu omen zion Apirili, eta negua ekarri omen zuen berriro Martxok. Egun eta erdi horietan artalderik gabe utzi zuen artzaina, eta zeukan ahariak begi bat atera zion. Horra Urumea bailarako artzain baten ipuina: Zozomikoteak (eskerrik asko Miel). Fantasiazko kontakizuna da noski. Mitoa.
Zientzialarien arabera, duela 15/18 mila milioi urte eztanda ikaragarria gertatu zen, eta, haren eraginez, sortu ziren galaxiak. Horra Big Bang teoria zientifikoaren kontakizuna. Teoria bat da. Ez egia berdaderoa. Hor ere bada fantasiatik zertxobait.
Gaur egun, pentsamendu zientifikoa da nagusi. Duela 200 urte, aldiz, pentsamendu mitologikoa. Alegia, fantasiazko kontakizunetan oinarritutako pentsamendua. Beraz, pentsa liteke aurrera pauso handia eman dugula.
Ordea, bi kontakizun horiek parez pare jarriz gero, ikus dezakeguna da kontakizun mitologikoak, naturan gertatzen den fenomeno bat azaltzeaz gain (udaberrian ere kontuz neguarekin), beste zerbait ere egiten duela: heziketa lana. Umeentzat Zozomikoteen ipuina da: “Artzain harroaren ipuina”. Eta harrokeria, larrutik ordaintzen da. Aldiz, kontakizun zientifikoan ez dago heziketa lanik.
Pentsamendu mitologikoa galdu zenean, filosofo batek zioen “Munduak egundoko krisia izango du, pentsamendu zientifikoa indartu ahala, heziketa falta dela medio”. Batzuek “balore krisia” deitzen diote. Gandhi bakezaleak ere abisatu zigun, nola humanismorik gabeko zientziak humanitatea galdu dezakeen.
Albert Einsten zientziaren aitak eskutitz bat idatzi zion Roosevelt presidenteari, esanez, bonba atomikoa sortzeko programa indartu behar zuela, unibertsitateetatik hasita. Sinetsita zegoen bonba atomikoak menderatuko zituela Hitler eta nazismoa. (artikulu osoa irakurtzeko klikatu hemen)
Hitler ez zuen menderatu bonba atomikoak. Errusiako neguak menderatu zuen Hitler. Hitler hilda ere nazismoa biztu egin da berriro. Eta mundua ikaratuta dago, bonba atomikoa edozein inuzentek eskuratu dezakeelako.
Zientzialariek herensuge bat sortu zuten, beste herensuge bat menderatzeko, eta, orain, herensuge zaharraz gain, beste hamaika herensuge ditugu. Eta hori da munduko herri guztietan aurkitu daitekeen aspaldiko mitoa.
Nik jakin nahi nuke zeinek duen fantasia gehiago: Zozomikoteek ala Albert Einsteinek.
Olentzero joan zaigu
Mendira lanera
Intentzioarekin
ikatz egitera
Aditu duanean
Einsten jaio dala
Lasterka etorri da
berri txarra ematera