Unai Agirre eta Alfred Hitchcock

Erabiltzailearen aurpegia Jexux Eizagirre Portillo 2017ko abe. 22a, 01:00

Unairen bertso bateko lau lerro komentatu nahi nituzke. Kasu honetan, gerra-kazetariaren aita dugu Unai:


Telebistaren aurrean nago
Ta ez det ikusi beharrik
Bonba artean ari da hizketan
Peto batekin bakarrik


Lerro sinpleak dirudite. Bat ere brilorik gabeak. Baina, nire ustez, kazetarien bideo kamara baten lana egiten dute. Eta kamarak bi mundu antagonista hartzen ditu, batean. Ai­taren  mundua eta semearena. 
Baina, bi mundu antagonista horiek, gauza batean batzen di­ra: eguneroko errutinaren par­te di­ra. Telebista aurrean egotea, errutina da, noski. Baina, baitere, gerra: «…ez det ikusi beharrik,  bonba artean ari da hizketan…». 
Oso elementu gutxi azal­tzen di­ra kamarak hartutako toma ho­rretan: telebista, bonbak, hiz­ke­ta eta petoa. Halere, lau elementu horiek, esan gabe, aditzera ematen dutena, sakona da, oso. 
Petoan, PRESS hitza jartzen duela, emango genuke. Alegia, frankotiratzaile batentzako dia­na perfektua. 
Bonbak aipatuta, entzun go­gor batek ere entzun dezake ez­tandak ateratzen duen burrunba, eta itsu batek ere ikus ditzake etxeak deseginda, eta jendea hilda. 
Kazetaria hitz egiten ari da. Baina, ez zaio ezer ere entzungo: bonbek ahotsa ozenagoa ohi dute kazetari guztiek baino. Eta hori jakinda ere, gure kazetariak ez etsiko: «semea dago egoskorkerian» dio Unaik hu­rrengo bertsoan.
Unairen lau lerro horiekin, Alfred Hitchcock batek filmatuko luke eszena eder bat, bere suspense eta guzti. 
Unaik zioen, odolaren partez errimak zituela, zainetan. Be­rak jakingo du. Ni ziur nago, Unai­ren zainetan, Hitchcock ba­ten odol berbera dagoena, irakiten, bor bor. Edo, Unaik bota zuenean, «azken txanpa ematera olatu gainean», zer da hori, zinea egiteko kamara ez bada?

Jexux Eizagirre Portillo

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!