Lehen txistea

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gorrotxategi Zigaran 2017ko abe. 5a, 01:00


Sei edo zazpi bat urte izango nituen  nire bizitzako lehen txistea kontatu nuenean. Biziki gogoratzen dut lekua: etxeko jangelan (garai hartan komedorea esaten genion), mahaiaren bueltan gurasoak, izeba Regina, amona Emeteri, arrebak  eta lehengusuren bat. Ni, zutik, mahai gainean zegoen grabagailuaren aurrean. Grabagailua handia zen; bi bobina zituen, batetik bestera emeki pasatzen zen zinta magnetikoarekin. Hitz batean, gaur egun XX. mendeko teknologia tresneria erakusten duen museo batean aurki daiteken trastua.
Hantxe, munduaren aurrean, zuzeneko emanaldiek es­ka­tzen duten bezala, sarerik gabeko trapeziora igota, nire lehen txistea plazaratu nuen.
Frankismoaren errepresiotik ihesi Hernanitik Kalifornia  mitikora  alde egin zuen familiaren zati bati bidali nahi genion  sorterriko senitarteen oroitzapen eta berriketekin osatutako grabazio bat.
Txisteak honela zion:
Egunero bezala, herrian salerosketak burutu ondoren, ba omen zihoazen Osingorri baserriko Iñaxi eta bere astoa, etxera bueltan Portu auzoko zubian barrena. Zerua estal­tzen hasia zelarik, lehenbailehen etxeratu nahian, abiadura lastertzeko eskatzen zion Iña­xik bere lankide minari: «tira Pitagorax, goazen axkar-axkar ea euria libratzen dugun».
Bide ertzean jo eta ke egonean ari ziren Francoren bi gizonek, anderearen hitzak entzun ondoren, hauxe bota omen zioten: «¡Oiga señora, usted no sabe hablar castellano o qué!»
Eta gure Iñaxik honela erantzun omen zien: «Yo sí, pero el burro no».
Erritmoa azkartuz alden­tzen ziren bitartean, hau gehitu omen zion Iñaxik Pita­goraxi: «Zer iruditzen kateto bi horiei geratu zaien hipotenusa aurpegia?». Astoak, begi keinuz baietza eman zion eta irribarre ironiko batez, baieztatu egin zuen bien arteko estimu platonikoa.

Luis Gorrotxategi Zigaran

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!