Azaroaren 20a haurren giza eskubideen nazioarteko eguna izan zen. Zoritxarrez, munduko bidegabekeria askoren jomuga izaten dira umeak, menderatzeko errazak baitira, zaurgarriak oso; eta helduen miseriak ordaintzen dituztenak gehienetan. Zer esanik ez, ingurune bortitzetan eta eskasian jaioak baldin badira.
Egoera ekonomiko latza izateak soilik ez du baldintzatzen haurren garapen osasuntsu eta egokia. Arrazoiak hainbat izan daitezke ekonomikoaz gain: pertsonalak, sozialak, politikoak, hezitzaileak eta abar; baina oraingoan, bereziki, gatazka politikoak eragindako sufrimenduari erreparatu nahi genioke, ezkutuan egon baita arazo hau urte luzeetan eta ondorio ikaragarriak ekartzen ditu oraindik Euskal Herrian.
Hernanin, esaterako, 54 ume dira guraso edo senideren bat kartzelan dutenak. Ume horiek kilometro ugari egitera behartuak daude, ikastola-egunak galdu behar dituzte, eta garrantzitsuena dena: aita edo amarik gabe hazi behar dute, oso urruti baitituzte. Horrek guztiak, nekeaz gain, ezinegon eta desoreka emozionala areagotzen die eta, kasu askotan, bestelako kalteak ere azaleratzen dira: akademikoak, lagunartekoak, familiakoak, psikologikoak…Urteen joanean, gainera, beren bizitza laburrean bete duten motxila hori geroz eta astunagoa bilakatzen zaie. Nork erreparatzen dio, ordea, arazo horri? Non daude beren eskubideak?
Euskal presoen kartzela-politika bertan behera uztea da gakoa. Helburu hori lortu nahian eman dituzte dagoeneko hainbat urrats Bakearen Artisauek, eta guk ere beren aldarriarekin bat egiten dugu. Benetako bakea nahi bada, gizartean eszenatoki horretara iristeko baldintzak jarri beharko ditugu, euskal presoen auzia lehenbailehen konpontzeko eta, bide batez, motxiladun umeen sufrimenduari amaiera emateko. Horregatik guztiagatik, gu abenduaren 9an Parisen izango gara.