Argi-urtera gaude

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Amonarraiz Hernaniko EAJ-PNV 2017ko aza. 26a, 01:00

(‘Udalaren jarrera legezkoa da; EAJ-PNVrena etikoa da?’ (Kronika, 2017/11/21), Luis Intxauspe Arozamenari eran­tzuna)
Intxauspe jauna, langile bati ireki diozun espedientea ez dugu aztertu, langilearen bertsioa daukagun arren, instruktorearen ikuspegia falta zaigulako. Baina egun daukagun informazioaren inguruan zer pentsatzen dugun jakin nahi baduzu, espediente hori irekitzeko arrazoirik ez dagoela uste dugu. Ez dugu ahaztu behar, kontrakoa baieztatzen ez den bitartean, udaleko langileak ez duela hutsegiterik egin.
Langileari espedientea ireki zaiola esaten zaion dokumentuak ditugu, eta baita galdeketako eguna, ordua eta lekua ere. Eta horiek guztiak instruktoreak sinatuta daude. Jakinarazpen horretan ez zaio langileari esaten grabatua izango dela eta ezta bere abokatuak lagundu diezaiokenik ere. EAJ-PNVk adieraziko zituen bi puntu horiek. Bi jarjunbideak legalak dira? Seguru, baina etikoena?
Alkate jauna, gardentasunaren harira, EAJ-PNVk guztion berri jarriko luke espediente hau eta baita beste guztiak ere. EH Bilduk, aldiz, ez du horrelakorik egin eta espediente guztien berri kalean izan dugu. Bi moduak legalak izango dira, baina bata bestearengandik argi-urtera dago.
Zuk ongi esaten duzun bezala, udaletxe honetako ‘langileak joan eta etorri’ egiten dira, beste udalerrietan gertatzen ez den bezalaxe. Autokritika gehiago egin beharko litzateke, eta langile finkoek ia zergatik eskatzen duten beste udalerri batzuetara lanpostu aldaketa aztertu. Hernaniar askok badakite ez dutela hori egiten soilik arazo ekonomikoengatik.
Eta, bukatzeko, zuri eta EH Bilduri esan nahi dizuegu, Luix, EAJ-PNVko kideok uste dugula, herritarrei Hernani nola gobernatzen den informatzea gutxienekoa dela. Gardentasuna da, beste gauza askoren artean, EAJ-PNVk hernaniarrei ematen diena.
Norberak bere ondorioak aterako ditu, baina garbi dago legea aplikatzeko modu eta etika ezberdinak daudela. Dudarik gabe, EAJ-PNV EH Bildurengandik argi-urtera dago.
Garrantzitsuena, iritzi elkartruke hauek guztiek ez diezaiotela langileari kalterik egin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!