Udalaren jarrera legezkoa da; EAJ-PNVrena etikoa al da?

Erabiltzailearen aurpegia Luis Intxauspe Arozamena, Hernaniko alkatea 2017ko aza. 21a, 01:00

(‘Legala? Etikoa?’ (Kronika, 2017/11/11), Andoni Amonarraiz Gomezi erantzuna)
Lehenik eta behin esan be­har dugu prentsa ez dela bidea udal langileen inguruko prozedurak aireratzeko. Zure ida­tzian diozu: ‘EAJ-PNVtik, orain­goz, ez dugu aztertuko ea espedientearen irekierak oinarria duen ala ez...’. Gure ustez, he­men dago gakoa: espediente bat ireki bada, zergatik ireki den jakitea eta ea oinarririk du­en aztertzea da denon ardura.
Bestalde, espedientea irekitzeko oinarria baldin badago, Udalak ezin du ez ikusiarena egin. Gure erantzunkizuna da gertaeren aurrean jardutea, eta hori da espedientearen irekitzea: gertaera bat aztertzea legearen arabera. Eta legezko prozedurak dio galdeketak bideoan grabatu behar direla, eta kopia sinadura digitalarekin (manipula ezina bihurtzen duena), galdetutakoari entregatzen zaiola momentuan bertan. Beraz, Udalak eta espediente horren instruktoreak egin duguna erabat legala da.
Zure idatzian ere diozu: ‘...Udalaren instruktorearen idatzia irakurri eta...’. Orain­goz, ez dago instruktorearen idatzirik. Espediente honetan dagoen idatzi bakarra Alkate dekretua dela, gertaerak jaso­tzen dituena eta gertaera horiek aztertzeko espedientea irekitzea erabakitzen duena. Uste dugu idatzi honetan instruktorearen lana ‘...kasuan poliziaren papera hartzen duena...’ eta bere instruktore funtzioak publikoki zalantzan jarriz, zu/zuek zaretela jarrera etikoki ez zuzena duzuenak. 
Udal honetako sailetan langileak joan eta etortzen dira, eta ez diogu inori espedienterik irekitzen beldurtzeko. Beraz, Udalak egin duena legala eta etikoa da, nahiz eta etika, jakina, ezin da balore objektiboetan neurtu. Halere, guk zuri/zuei itzultzen dizuegu galdera: EAJ-PNVk egindako idatzia eta jarrera etikoak al dira?


Luis Intxauspe Arozamena, 
Hernaniko alkatea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!